Urumea HerriGunea bilakatu dute, Urumea ikastolaren eraikin zaharra. Atzo arratsaldean sartu ziren bertan, Tilosetan elkartu ondoren. Eta datozen egunetarako, dagoeneko antolatu dituzte zenbait ekintza.
Gaur arratsalderako jarri dute aurreneko zita: asanblada irekia egingo dute, 18:00etan. «Eta irekia esaten dugu, zuen partehartzea ezinbestekoa delako proiektu honetan», jakinarazi dute Facebook bitartez: «HerriGuneko gela guztiek badaukate izaera bat; baina edukiontziak ez du zertan edukia baldintzatu. Gehienetan, espazioa baino, erabilera delako garrantzitsuena. Beraz, hortan amestu eta asanbladara etorri!».
Bihar, berriz, auzolana egingo dute, goizeko 11:00etan hasita: «espazioetan egin daitezkeen ekintzak edota dekorazioak pentsatzea izango da helburua. Lasai eta konfiantzaz etorri; auzolana ahalik eta gozagarrien dinamizatzen saiatuko gara eta!». Eta ondoren, 19:00etan, merienda eta otsoaren jolasa antolatu dute.
Udalarekin, harremanetan
Eraikina Udalarena izanik, HerriGuneako kideak Udalarekin harremanetan jarri dira, eta gaia bideratzen ari dira. Bilera baterako jarri dute zita, egoera lantzeko.
Udalean, Hirigintza Batzordean aztertu izan dute eraikinarekin zer egin, eta mahai gainean dago gaia.