Donostiako epaitegiak Cominter Issu papelera zigortu du, Gureola Scott Iberica enpresaren oinordeko bezela, Juan Cisnerosen familiari 141.000 euroko kalte ordaina ordaintzera; 101.000 alargunari eta 20.000 seme bakoitzari.
Juan Cisneros langile hernaniarra duela urte bete hil zen biriketako minbiziaren ondorioz. Gureola-Scott paper-fabrikan egin zuen lan eta amiantoarekin kontaktuan egon zen 30 urte baino gehiago. Alargun eta seme-alabek kalte ordainengatik 156.000 euroko eskakizuna egin zuten amiantoak kaltetu eta sortu zuela minbizia argudiatuz.
Epaitegiak arrazoi eman die eta erabakiaren arabera Scott Iberica enpresak ez zituen segurtasun eta garbitasun edo prebentzio neurriak bete eta horien lotura kausala sortutako kaltean dagoela dio. Enpresak hainbat Dekretu eta ordenantza ez zituen bete.
Asviamie pozik geratu da hartutako erabakiarekin. Eta amiantoak sortutako minbizi eta heriotzen kasuak izugarrizko igoera izan dutela kontuan hartuta konpentsazio fondoa sortzea eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari. «Honela enpresa beraien biziraupena bera ekidingo litzateke. Garaia da enpresa, aseguru etxe eta instituzioek barkamena eska dezaten sortu duten minarengatik».
Eusko Jaurlaritzari konpentsazio fondoa sortzea eskatu dio Asviamiek «enpresen biziraupena arriskuan ez jartzeko»
1962tik papeleran lanean
Cisneros paper-fabrikara sartu zen lanera 1962an ikasdun edo aprendiz bezela eta ondoren mekanikoen mantenuko ofizial egon zen 1993ra arte. Amiantoa manipulatzen zuen Mendia papeleran, gero Gureola-Scott edo Scott Iberican.
Langileari, 2016ko uztailean, biriketako kartzinoma diagnostikatu zioten Donostiako ospitalean. Osalanek 2016ko urrian egin zuen txosten batean kutsadura nola gertatzen zen azaldu zuen. Langileak egiten zituen lanak adierazi zituen eta lan hauek zuten arriskua.