Urriko ikastaroaren berri eman du dagoeneko Elkarbizi taldeak, urriaren 3an egingo baita, 19:00etan hasita Astigarragako kultur etxean. «ETAren xantaia ekonomikoaren azpiko bizitza esperientziak» izango dituzte hizpide, 2018ko bosgarren ikastaro honetan.
Izenematea, asteartera arte
Ikastaroan parte-hartzea irekia eta doan bada ere, izena eman behar da. Asteartera arteko epea dago, email honetan: ganboiturri@gmail.com.
«Sortutako kalte eta izua ezagutzera»
Saioan hartuko dute parte Goierriko GOIEKI Agentziako zuzendari izandako Juanma Barandiaran Etxeberriak eta Confebask enpresarien elkarteko lehendakari izandako Migel Lazpiur Lamarianok.
Elkarteak azpimarratu du helburua dela «zerga iraultzailearen xantaiaren azpian bizi izan zirenen drama ikusaraztea. Biktimak izan direnengan eta beraien senide eta lagunengan sortutako kalte eta izua ezagutzera ematea».
Izan ere, Deustuko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, «jasotako mehatxua pribatutasunean mantendu zuten».