Ekitaldi nazionala antolatu du Gure Esku Dagok larunbaterako, «Kataluniako Erreferendumaren urteurrena dela-eta». Gernikako Astra kanpoan izango da, 17:30etan, eta hernaniarrei dei egin die bertan parte hartzeko, «mundu guztiak Kataluniarekiko elkartasun hau, helburu bertsuak dauzkaten bi herrien arteko laguntza eta babes moduan ikus dezan».
«Euskal Herriarentzat sinbolo, ikur eta arima den lekuan»
Ekitaldiari Askatasuna erabakitzea da leloa jarri diote, eta Gernika propio aukeratu dute. «Kataluniak, duela urtebetetik hona, errepresio gordin eta zitala jasan behar izan du Estatuaren aldetik, eta Gure Esku Dagok larunbateko ekitaldian elkartasuna helaraziko die katalanei, non eta Gernikan, Euskal Herriarentzat sinbolo, ikur eta arima den lekuan. Hain zuzen, askatasuna arnasten den inguru historikoan.
Gernikatik mundura proiektatuko dugu gure mezua, eta bertan demokraziaren defentsa egingo dugu», azaldu du.
«Demokraziaren defentsa egingo dugu»
Hernanin biltzeko deia, igandetik aurrera ere
Bestalde, Hernaniko Gure Esku Dagok jakinarazi du igandean mahaia jarriko duela Kale Nagusian, eguerdiko 12:30etan, zinta horiak banatzeko. Horiekin Tiloseta «lazo horiz janzteko» deia egin dute. Era berean, lazo horiek «etxeetan, balkoietan, herriko horma edo leku berezietan» jartzeko deia ere egin du. «Hau guztia ere, erabakitzeko eskubidea eta demokraziaren alde egingo dugu».
Bestalde, gogorarazi du udara bukatuta bilerak egiten hasiak direla, eta ateak zabalik dituztela. Andre Kalean dago bulegoa, Plaza Berri baino beheraxeago.