Bigarren garaipena lortu berri du Mundarro Preferenteko taldeak, aurrenekoa, etxean. Ohorezko erregional mailatik jatsi berri den Vasconiaren kontra irabazi zuen, 2-0.
Intentsitate altuko partidua, hasieratik
Jaitsi berri den taldea izan zuten aurrean, bigarrenez; bazekiten talde zaila zela, baina hasieratik partidua irabazteko konfidantza transmititu zuten moreek. Horregatik, intentsitate altuko partidua izan zen.
Nahiko paretsu hasi zuten norgehiagoka; 20. minutuan eman zen aldaketa. Orduan, Iñakiren erdiraketa on batek Gazteri aukera ederra eman zion aurreneko gola sartzeko; arratsaldeko lehenengo izan zen hori (1-0).
Hain zuzen, taldearen konfidantzan zuzenean eragin zien golak, eta hurrengo minutuak oso onak izan ziren. Ondoren, berriz, ura edateko atsedena egin zuten, eta etenaldi horrek ez zion taldeari gehiegi lagundu. Izan ere, erritmoa hautsi zuen, eta Vasconiako jokalariek aprobetxatu egin zuten baloi gehiago eta aurkako zelaian presentzia gehiago izateko.
Bigarren zatian lortu zuen Iñakik bigarren gola sartzea, bakarkako jokaldi baten ostean. Emaitzak lasaitasuna eman baino, gehiago mugiarazi zituen jokalariak; sartu berrien aportazioak oso positiboak izan ziren, eta gola sartzeko aukerarik ere, ez zitzaien falta izan. Vasconia ere golaren bila atera zen, baina ez zuen aukera garbirik izan.