Esne Beltzaren hurrengo diskoaren grabaziorako Alacantera joan-etorri eta Atlantikaldirako entsaioen artean, Xabier Solano Maiza ereñotzuarrak Inpernuko ikuskizuna emango du larunbatean, 22:00etan Ereñotzuko frontoian. «Ez naiz kontzertuetan urduri jartzekoa, baina Ereñotzun uste dut urduri egongo naizela!», aitortu du.
2016 urte bukaeran atera zenituen Trikitixa Liburua II eta Ereñotzu diskoak; azken hau, omenaldia omen. Hala al da Inpernuko ere?
Esne Zopak atera nuen aurrena, eta bigarrena izan behar zuen horrek, baina konturatu nintzen, letrak eta abestiak atera ahala, nire barrukoak zirela. Eta Ereñotzun jaioa izanda, pentsatu nuen omenaldia egitea. Oraingorako, Ereñotzutik deitu zidatenean jarri nintzen txoratzen! Zer hobea, diskoa bertan aurkeztea baino! Azkenean egi bihurtu da. Kristoren ilusioa daukat. Udaran Esne Beltzarekin aritu naiz, eta hau erabat geratua neukan, apiriletik. Hurrengoak Victoria Eugenian, abenduan, eta Arriagan, otsailean, izango dira, eta Ereñotzu tartean egotea berezia da niretzat.
Erre zenituzten bideoklipak arrakasta izan du. Ereñotzun ere parte-hartzaile horiek izango dira?
Basteron egin genuena egingo dugu, baina sorpresa txikiren bat izango da tartean. Abestia oso ezaguna egin da. Milioi bat bisita izan ditu! Hernaniko akelarreari buruz egindako kanta da, eta uste dut berezia izango dela. Azkenean, uztartu dira antzerkia, musika eta dantza. Eta bideo proiekzioak. Denari bidea emateko lanean aritu da Miren Gojenola, zuzendari. Lan dezente eta entsaio asko egin ditugu. Profesional asko arituko dira.
«Hizkuntzak nahasteak jende gehiago erakartzen du, eta gaztelania ulertzen duenak ere euskera entzun behar du, nahi eta nahi ez, hor dagoelako»
Udaran Esne Beltzarekin arituta, orain, etxera. Aldea haundia da?
Hau guztia geratu egin behar izan nuen; bestela, ez nintzen iritsiko. Esne Beltzarekin Japonian, Alacanten, Madrilen, Bartzelonan... izan gara. Eta diskoa grabatzen! Desberdina da. Esne Beltzan talde haundia gara; 9 musikari. Baina 14 lagun mugitzen gara. Lan haundia da, baina denak aspaldiko lagunak gara. Inpernuko-koak ere bai. Baina uste dut serioagoa dela. Antzerki bat bezala hasten da eta jarraipena izan behar du ulertzeko zer esan nahi dugun. Trikitixa ere gehiago dago. Esne Beltza ere bada serioa. Baina ezberdina da. Estilo desberdin gehiago dago eta gehiago mugiarazten gaitu, harreman gehiago sortzen dira.
Nahasketa horretan, hala ere, beti aurkitu duzue euskera eta Euskal Herria zabaltzeko bidea.
Gogoratzen naiz Etzakit sortzean esaten zigutela, nola egin ote zitekeen rock, pop edo dena delakoa trikitixarekin. Gaur egun oso ikusia dago. Esne Beltzarekin nahi izan dugu, musikalki bakarrik ez, hizkuntzak ere nahastu. Iruditzen zait oso inportantea dela. Esaten da polita dela euskeraz ez dakiena euskeraz entzutea. Neri askotan pasa zait Katalunian katalanez kantatzea. Egiten dut, baina ez dakit zer esaten dudan ere! Nahiago dut nik euskeraz abestu eta nirekin kolaboratzen dutenak haien hizkuntzan aritzea. Euskerari indar gehiago ematen dio. Hizkuntzak nahaste horrek jende gehiago erakartzen du, eta gaztelania ulertzen duenak ere euskera entzun behar du, nahi eta nahi ez, hor dagoelako. Japonian ere tokatu zaigu japoniarrak euskeraz kantatzen ikustea. Oso polita da.
Uda bukatuta, irtsi da tarte lasaia? Hirugarren liburua buruan daukazu?
DBHn irakasle, beraz, orain ere, lanean erabat! Aurreneko liburua Durangorako berrargitaratuko da. Eta hirugarrena, buruan ez, egin egingo dut, seguru! Datorren urteari begira ari naiz. Tirikitixa liburu zaharrak badaude, baina jendeak emailak bidaltzen dizkit kantu eske. Horrela, liburuan daude. Asko eskertzen dute. Alemanian edo Madrilen horrekin ikasten ari direnek bideoak ere bidaltzen dizkidate. Harrituta geratzen naiz. Beharrezkoa da euskal musikan horrelako liburuak egotea.
Trikitixa kuttuna duzu.
Nire instrumentua da. Gitarra ere erabiltzen dut, baina trikitixa 9 urtetatik jotzen dut. Eroso sentitzen naiz. Azkenean, bakoitzak bizi duena azaldu behar du kantuan. Nik kantu bat egiten dudanean beti gustatzen zait azaltzea zer bizi dudan, non bizi naizen... Barrua ateratzea. Ez zait gustatzen kantuak txurroak bezala egitea!