Hernaniar asko eta asko animatu ziren atzo patinak jantzi eta herrian zehar irristaka ibiltzera, baita ere ipar martxa ezagutzera ikastaro batekin. Mugikortasun asteak ez du etenik gaur arte. Amaiera borobilduko da gaur bi ekintza nagusirekin. Goizeko 09:30etatik 12:00etara, bizikleta ibilaldia egin ahal izango da Atsegindegitik aterata, eta bertan geratu nahi dutenek bide heziketa zirkuitoa izango dute aukeran.
Zinkoenean, berriz, ibilgailu hibrido eta elektrikoen erakusketa jarriko da, eta horietako batzuk probatzeko aukera ere izango da 10:00etatik 14:00etara.
Familian eta lagunartean goiza ederra pasatzeko aukera paregabea eskaintzen du mugikortasun asteak, beti ere ingurugiroaren alde eta kutsaduraren aurka.