Iraultza Txikien Asanblada jardunaldia burutzen ari dira asteburu honetan Zubietan, «bestelako Euskal Herria amesten dugun herritar eta herri mugimenduen topaleku». Asteburu osoko programa osatu dute, eta erraustegira egingo dute martxa bukatzeko, igandean.
Arratsaldeko 16:00etatik aurrera izango da, eta Hernanin Zero Zabor taldeak dei egin du parte hartzeko.
Aitortza eta martxa, bihar
Ekitaldi horretan, aurrena, aitortza egingo diete erraustegia gelditu zutenei: «Helburua izango da balioan jartzea orain urte batzuk erakundeetan pertsona batzuek egin zuten lan ona. Erakutsi zuten multinazional eta bankariei aurre eginez, herritarren mesede diren erabakiak ere har daitezkeela». Eta gero, Gipuzkoa Zutikek antolatuta, erraustegira eta makro-kartzelara buzo zurien martxa egingo dute.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bat, deialdiarekin
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Hernaniko taldea kide denak, eskertu egin du «Zubietan egitea aukeratu izana, erraustegiaren aurkako borrokari ikusgarritasuna emanez».