Vascuencearen Foru Legeak Nafarroa hirutan banatu zuen, eta, «ondorioz, lurraldearen zati handi bat eskubidez gabetu zuen, euskaraz bizitzeko aukerarik gabe» adierazi du Euskararen Kontseiluak.
Orain, ordea, hizkuntza-politikaren alorrean Nafarroan bizitzen ari den egoerak bultzada berria emateko aukera zabaldu duela uste du Kontseiluak. «Behingoz, euskaldun guztiak bereizketarik gabe, berdin hartuko dituen egoera sortzeko aukera ikusten dugu. Nafarroako Parlamentuan Euskararentzat Lege berria den abagunea probestuta, euskaldunok indar egingo dugu herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen egoera sortzeko», azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Hori horrela, «nafar guztiei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko dien ofizialtasuna eskatzeko» mobilizaziora egin du dei urriaren 27rako, Iruñean, arratsaldeko 17:00etan hasita.
«Behingoz, euskaldun guztiak bereizketarik gabe, berdin hartuko dituen egoera sortzeko aukera ikusteko dugu»
Lege berriak, hiru irizpide
«1968tik hona, Nafarroako euskaldunok, beren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa pairatu dute», azaldu du Kontseiluak, hirutan banatu zuela Euskararen Foru Legeak, Nafarroa. «Euskararen Foru Legeak eskubideak bermatu baino, mugatu egiten ditu. Euskaraz bizitzeko eskubidea soilik eremu euskalduneko herritarrei aitortzen zaie; gainerakoei ez».
Baina egoera berria sortu dela-eta, momentua aprobetxatu behar dela dio. «Euskararen garapenaren aldeko aukera leihoa zabaldu da Nafarroako Parlamentuan, eta aukera hori baliatu du Kontseiluak Euskararen Lege berria egiteko herritarrekin elkarlanean». Hain zuzen, Parlamentuak lege berria proposatzeko agindua eman du, hiru irizpideren arabera: nafarren hizkuntza-eskubideen bermea, hizkuntza-zonifikazioa eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan.