Prozesua burutu dute azkeneko hilabeteotan, Dunak taldearen eskutik, Sagardoetxearen kokapen egokiena bilatzeko asmoz. Eta prozesuaren nondik norakoen zein ondorioen berri eman zuten ostegunean, Dunak taldeko Koldo Telleriak eta Ana Almandozek.
Horretarako, apiriletik irailera bitarte, bilerak egin dituzte batetik, herriko sagardogile, eragile, politikari eta teknikariekin; eta bestetik, azterketa teknikoa ere egin dute.
Prozesuaren azkeneko ondorioa izan da, egokiena izan daitekeela Sagardoetxearen eraikina bera ez tokialdatzea, baina herriko puntu gehiagotan jartzea sagardoaren kulturarekin lotutako errepresentazio eta bisita guneak. Sagardoetxean soilik pentsatu beharrean, sagardo herria kontzeptua lantzea, alegia.
Herriko bost gune, aztertuta
Aukera hori, hala ere, ez zegoen hasiera batean planteatutakoen artean. Lau kokaleku berri proposatuz abiatu zuten prozesua: Portutxo ingurua, hilerri ingurua, Errekalde ingurua eta Sagardi gaina. Aurreneko bileretan jasotakoarekin, ordea, Errekaldeko aukera baztertu zuten, eta beste bi gehitu ziren: Sagardoetxearen kokalekua bera (eraikina berrerabilita edo lorategian eraikin berri bat eginda); edota Ibai parkea. Beraz, bost izan dira azkenean, landu diren tokiak.
Eta lanketa hori eginda, oraingo kokalekua ikusi dute ondoen; baina beste tokiek eskaintzen dituzten aukerak ere aprobetxatzea proposatu dute: «kokapen bakoitzak ezaugarri zehatzak ditu, eta aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Sagardi gaina aberatsa da ingurugiro aldetik, eta egungo sagardiaren gaineko basoan, kupelak egiteko zuhaitzak daude; ibilbide bat egin liteke bertan. Hilerri ingurutik, berriz, Astigarragako sagardoaren paisaia osoa ikusi daiteke; toki ederra behatoki bat jartzeko. Portutxon, bidegorriaren eta ibaiaren gertutasuna, errepideetatik duen ikusgarritasuna eta sagardotegien gertutasuna aprobetxatu daitezke. Eta Ibai parkean jarri daiteke, adibidez, sagardoaren ibai bidezko garraioa islatzen duen informazioa, eta aztertu daiteke lotura bat Donostiarekin Urumean zehar», azaldu dute.
Hori horrela, nabarmendu dute, museo eraikin ikaragarri bat egitea baino, aberatsagoa dela «esperientziak» eskaintzea; dena eraikinean kontzentratu eta «sagardoaren kultura monopolizatu eta zentralizatuko duen elementua izan beharrean», toki gehiagotara zabaltzea sagardoaren kultura: «Sagardoetxeak eduki ditzake sagastia, basoa, enbarkadero bat ibaian, behatokia hilerri inguruan...», diote.
Beharrak aztertzea eta espazioak zehaztea, hurrengo pausoa
Orain, txostenaren idazketa bukatzen dutenean, herritarrei aurkeztu eta informazioa helaraziko diete. Eta hurrengo fase batean, proposamenak aurrera eginez gero, aztertuko dituzte dauden beharrak, eta zehaztuko dituzte herrian zehar sortuko diren espazio berri horiek.