Koloretsu daude, Astigarragako sagarrondoak; eta laster hasiko dira, sagardotegietako tolareetako lanak, 2018ko uztako sagardo berria egiteko. Eta nola ez, hori ospatzeko Sagar Uzta festa antolatu dute, beste urte batez. Datorren astean izango da, ostegunean hasi eta igandera arte.
Zita bikoitza jarri dute ostegunean bertan. Aurrena, familientzako plana prestatu dute: apainketa tailerra sagarrekin, Joseba Barandiaran plazan, 17:00etatik 19:00etara. Aurrez eman behar da izena, doan, eta hiru aukera daude: 943 55 05 75 telefonora deitu, info@sagardoarenlurraldea.eus helbidera mezua idatzi, edo www.sagardoarenlurraldea.eus webgunean sartu eta formularioa bete.
Beste ekintza, segidan izango da: pintxopotea herriko tabernetan, 21:00ak arte.
Egun haundia, igandekoa
Larunbatean ere izango dira beste bi ekintza: Sagar motak ezagutuz mendi buelta familientzako (izena eman behar da); eta Sagar Uzta Erronka Indoor proba, Foru Plazan.
Baina igandekoa izango da, urtero bezala, egun haundia. Sagarraren Jaia ospatuko dute Foru Plazan, azokarekin, lehiaketekin... Eta noski, uzta berriaren aurreneko muztioa egin eta dastatuko dute bertan.
EGITARAUA
IRAILAK 27, osteguna
17:00-19:00, Familientzako apainketa tailerra sagarrekin. Joseba Barandiaran plazan.
Izena eman behar da*, doan.
19:00-21:00, Pintxopotea, Astigarragako tabernetan.
IRAILAK 29, larunbata
09:30, Sagar motak ezagutuz, Santiomendiko Sagardo Bidean zehar mendi buelta familian.
Izena eman behar da*, doan.
10:00, Sagar Uzta Erronka Indoor, Foru Plazan.
IRAILAK 30, igandea
Sagarraren Jaia, Foru Plazan
09:30, Txirriskla Txistulari Taldearekin diana.
10:30-12:00, Sagar postre lehiaketa. Postreak frontoian entregatu beharko dira.
10:30-12:00, XI. Sagar Uzta Argazki Rally Digitalean. Izenemateak plazan edo aurrez*, 5 euroan.
11:00-14:00, Sagarraren azoka:
-Sagar mermelada tailerra. Izena eman behar da*, doan.
-Sagarraren erakusketa, dastaketa eta salmenta.
-Sagardo eta muztio dastaketa.
-Saski, txertaketa eta abarren erakustaldiak.
-Herriko baserritarren produktuen salmenta.
-Trikitilariak herrian zehar.
11:00, Muztioaren elaborazioa: sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea bertaratutako familien laguntzaz. 7-14 urteko gaztetxoei eta haien gurasoei zuzenduta. Izena eman behar da, doan.
12:30, Sagar dantza eta kirikoketa.
13:00, Txalaparta eta 2018ko uztako lehenengo muztioaren topa herrikoia.
14:30, Herri bazkaria.
17:00, Afizionatuen pelota partidua.
*Izenemateak: 943 55 05 75, info@sagardoarenlurraldea.eus edo www.sagardoarenlurraldea.eus
Sagarrak bildu eta muztioa egiteko, tailerrak
Familientzako plana prestatu dute Sagardoetxean, iraileko eta urriko asteburuetan; aurrez eman behar da izena. Erakusketak ere jarriko dituzte, datozen hilabeteotan.
Udazkena iristearekin batera, zenbait ekintza antolatu ditu Sagardoetxeak, tolareetan muztioa egiten hasiko direla aprobetxatuz. Eta hori da, familia eta taldeentzako proposatu duten plana: Sagarrari zukua atera familian! izango da, iraileko eta urriko asteburu guztietan, datorren igandean izan ezik. Larunbatetan 12:00etan eta 17:00etan egin daiteke; igandeetan, eguerdian bakarrik. Izena eman behar da aurrez: 943 55 05 75, info@ sagardoarenlurraldea.eus edo www.sagardoarenlurraldea. eus. Helduentzat 4 euro dira, haur eta gazteentzat doan.
Sagardo sagar barietateen erakusketa ere ikusgai dago azarora bitarte, 70 barietate baino gehiagorekin. Eta beste bi jarriko dituzte: Sagar Uzta Argazki Rallyko argazkiena urriaren 19tik 31ra; eta Sagardoa eta emakumea izenekoa, azaroaren 5etik 25era.