Errepideko lasterketen azken txanpan murgilduta dago Urko Semperena astigartarra; baina asteburu batez, errepidea alde batera utzi, eta pistan lehiatuko da, berak gustukoen duen modalitatean hain justu.
Eta ez du nolanahiko proba izango, gainera. Pistako Espainiako Txapelketa lehiatzeko deitu du Euskadiko selekzioak, elite eta 23 urtez azpikoen kategorian aritzeko.
Berarekin batera izango dira, Euskadiko selekzioarekin lehiatzen, beste bost txirrindulari; bera bezain gazteak batzuk, eta beteranoak besteak: Unai Iribar, Gorka Etxabe eta Aitor Larrañaga gipuzkoarrak, Illart Zuazubiskar bizkaitarra, eta Aitor Rey arabarra; Euskadiko espezialista onenak, hain zuzen ere.
Aurreko asteburuan, Euskaldun Torneoko azkeneko proban aritu zen Semperena, Altsasun; baina ez zuen bukatu.