Astiko, Astigarragako Merkatarien Elkarteak bat egin du Buruntzaldeako dendari txikien kanpainarekin, eta lau egunez, eskaparateak beltzez tapatuta, triste eta hilik izango dituzte, «jendea kontzientziatzeko, zer litzatekeen herria, komertzio gabe», azaldu du Pastain Irudi Zerbitzuak dendako Alfredo Ruizek.
Buruntzaldea osoko komertzioek egin dute bat kanpainarekin; Hernanin, iaz egin zuten. «Ez da Astigarragako arazoa. Herri guztietan gertatzen da. Gaurko erosketa ohituren aurka borrokatzea oso zaila da. Merkatalgune haundietara joaten da jendea; askotan, eguerditan. Zer egin behar dugu, eguerdi edo asteburutan ireki?».
«Itsasoari ateak jartzen saiatzea bezala da»
Dena den, Ruizek argi dauka arazoa ez direla merkatalgune haundiak. «Haien kontra borrokatzea akatsa da. Beti egongo dira. Itsasoari ateak jartzen saiatzea bezala da. Nik ez dut haiekin konparatu nahi edo gauza bera eman nahi. Nik zerbitzu pertsonalizatua ematen dut. Prezioan ezin dugu lehiatu, baina gure armak dira gertutasuna, tratua eta zerbitzua».
Era berean, dena ez da txarra. «Herriarekin harremana mantentzeko, ateak zabalik dauzkat dendan. Baina internet bidez ere egiten dut lan, nere publiko objektiboa kanpoan ere badagoelako».
Baina herrian giroa sortzearen garrantzia azpimarratzen du. «Herrian jarduerak sortuz lortzen da eragina. Etorkizuna ez da xamurra. Baina erosleei eskatu baino, eskaintzearen aldekoa naiz. Aurrena zerbitzu ona eman behar dugu, kontuan hartu gaitzaten gu, haundien artean ere. Autokritika hori egin behar dugu merkatari txikiok».
«Eskatu baino, eskaintzearen aldekoa naiz. Aurrena zerbitzu ona eman behar dugu, kontuan hartu gaitzaten gu»
«Merkatari bezala, sinestu behar dugu gure aukeretan»
Giroa sortzeko taldean aritzearen garrantzia ere azapimarratu du Ruizek. «Merkatari bezala, sinestu behar dugu gure aukeretan. Elkartuta, errazagoa da indarra egin eta gauzak lortzea». Horretan, udal teknikaria eta Siadeco enpresa kudeatzailearen laguntza eskertu ditu.
«Askok ez daukate denbora edo gogorik. Baina kide gehiago izatea bera hobea da. Gauzak egitea ona da konturatzeko herrian badagoela komertzioen elkartea, eta komertzioek herri dinamikan parte hartzea interesgarria da. Bestela, gero eta lokal itxi gehiago egongo da, eta tristea da».