«Proiektuak aukera ematen du inprobisatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 22a, 02:00

Igartza Saria Hernanin tokatu da, hirugarren aldiz. Erika Elizari Salvadorrek jaso du, Zendabalitz eleberri proiektuarekin, Beasaingo Udalak CAF en­presak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten idazle gazteentzako lehiaketa honen 21garren edizioa. Aurretik Uxue Apaolazak (2009) eta Kattalin Mine­rrek (2015) irabazi zuten. 
Sei hilabeteko epea dauka Eli­zarik aurkeztutako eleberri pro­iek­tua bukatzeko; otsaila par­te­an argitaratzea aurreikusten da.
 
Ikus-entzunezkoen mundutik zatoz. Nolatan aurkeztu zara literatur sariketa batean? 
Aspaldi neukan gogoa, aurkezteko. Haurdun egon naizenean, inoiz baino denbora gehiago izan dut idazteko. Beste gauza asko debekatuta nituen, baina idatzi nezakeen. Irakurri ditut aurreko Igartza saridunak, eta aurreko urtean aurkezteko ahalegina egin nuen beste proiektu batekin, baina ez nintzen iritsi. 

Nola eman dizute berria? Errezelorik bazenuen, edo ahaztuta zinen?
Banekien irailean ematen zela jakitera. Baina ez nintzen gogoratzen, ez nuen espero. Gainera, beste kontu batzuengatik hainbat telefono dei jasotzen ari naiz, eta horrelako zerbait espero nuen. Xabier Mendigurenek deitu zidanean ez nengoen nere etxean, eta kobertura ezin harrapatu ibili nintzen, entzuten ari nintzena entzun bezala ahazten zitzaidala!

«Kosta egiten zait jendeak nik idatzitakoa irakurtzea onartzea. Kontraesana da. Baina ez dakit kudeatzen.

Idatzi izan duzu inoiz gidoirik ikus-entzunezkoetarako? Oso desberdina izan da?
Film laburren batean, oso era amateurrean prestatu izan di­tut gidoiak. Baina honek askatasun gehiago ematen du, onerako eta txarrerako. Ikus-en­tzunezkoetan mugak dauzkazu, badakizulako gero imajinatu duzun guztia ezin dela egin, edo aurrekontuagatik oso kutrea geratuko dela. Baina honek txarrerako ere badu, mozten jakin behar duzula! Bestalde, ikus-entzunezkoetan lan-taldearen beharra daukazu, eta nire egoeran, orain ez nago besteekin konprometitzeko. Horrek ere izutzen nau, noski. Bakarrik nago prozesuan. Ardura guztia zurea da.

Laginen bat aurkeztu behar da Igartza Sarietan. Bertsolarien moduan, bukaera pentsatuta aurkeztu zinen?
Hiru orrialdeko laburpen bat aurkeztu behar zen. Egitura, zein estilo erabiliko duzun… azaltzen duzu bertan. Eta gero lagina, 15 bat orrialdekoa. Izan daiteke, hasierakoa, erdikoa, bukaerakoa… Baina segidakoa. Ekainerako entregatu behar zen, eta orain, otsailean argitaratuko da, maila ematen ba­dut! Bukaera ez neukan garbi. Baina prentsaurrekora bidean ideia bat sortu zitzaidan, eta ez dut deskartatu. Baina proiektuak aukera ematen du inprobisa­tze­ko. Ez da itxia, eta nik aurkeztu nuen lagina hasierakoa da.

Zer da, ‘Zendabalitz’?
Zen-da-balitz. Hitz-joko bat da, iragana eta etorkizunari begira. Adierazten du nola kezka­tzen garen izan zenagatik edo daitekeenagatik. Eta ez naiz inoiz izan carpe diem zalea, baina agian, garrantzia handiegia ematen diegu beste horiei. Hala ere, ez dut esan nahi iragana eta etorkizunean pentsatzea txarra denik!

Matxura baten eraginez hegazkinean ez atzera eta ez aurrera geratuko dira protagonistak, eta turbulentziak eragingo dizkie gertaerak, barruan…
Pilotuak esango die arazoren bat badagoela, baina egiaz ez dakite zer gertatzen den. Ho­rrek piztuko ditu turbulen­tziak, norberaren iraganarekin edo etorkizunarekin lotuta. Kezka izango dute arazo teknikoagatik, baina hori detonantea izango da, aitzakia, beste kezkentzako. 

Zuri ere sortuko zaizkizu orain turbulentziak, barne kezkak, proiektua bukatzeko lanean hasita?
Bai, beldurra badut, berria de­la­ko. Ikasi egin beharko dut. Gai­nera, ez zait gustatzen, edo kosta egiten zait jendeak nik idatzitakoa irakurtzea onar­tzea. Kontra­e­sana da. Baina ez dakit kudeatzen. Bikoteari erakutsi nion lagina, eta aurreneko orria irakurtzen ari zela dagoeneko haserretu nintzen, itzali nion ordenagailua… Bes­teek irakurtzea onartzen ikasi beharra daukat. 

Horren atzean egon daiteke irakurleak zure istorioetan zu identifikatzeko beldurra?
Zazpi pertsonaia oso desberdin sortu ditut genero, adin eta ogibidearen aldetik. Identifika­zio zuzenik ez dago. Baina giza-jokabideei buruzko eleberri bat da. Ikusi edo bizi izan ditudan egoerak badaude, nahiz eta oso esajeratuta, asko dramatizatuta. Autobiografikotik izan de­za­ke zerbait, eta ingurukoek ere identifikatuko dituzte pa­sar­­te batzuk, baina dena esajeratua dago. Haurdun bat ere badago, adibidez, baina ez naiz ni!

Batzuk ogia besapean jaiotzen omen dira, eta besteak, amarentzako sariarekin! Bi erronkak uztartzeak beldurtzen zaitu?
Bi gauza berri dira, une berean. Baina une aproposean. Orain denbora hartu dezaket idazteko. Era berean, baita umearekin egoteko ere. Baina moldatuko gara!

Ingurukoek zer esan dizute? Denek irakurri nahi dizute...
Sorpresa izan da. Sekula ez dut idatzi era honetan. Beste batzuei nahikoa txapa eman diet idatzi bitartean... Baina lagina ez du inork ikusi. Hala ere, horrelako sariek, egia esan, ematen dute konfiantza. Idaz­te­an pentsatzen duzu erotuta zaudela, eta orain uste dut me­rezi duela jarraitzeak. Orain errazago utziko dut, irakurtzen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!