Sentsazio onekin eta itxura polita erakutsita hasi du liga, Hernanik, Ohorezko Maila. Eta ez da modu txarra hori, etxeko aurreneko partidura iristeko. Gaur jokatuko du estreinakoa Landaren, zale hernaniarren animoen artean, talde trikoloreak; eta aurrean, kontrario zuzen bat: Cisneros. Arratsaldeko 17:00etan zelairatuko da Hernani, denboraldiko aurreneko garaipenaren bila.
Irabazi beharreko partidua daukate trikoloreek, beraiek bezala mailari eusteko lehian aritzea espero den talde baten kontra. Aurreko denboraldian, lasaiago lortu zuen salbazioa talde madrildarrak, eta lasaitasun hori nahi du Hernanik, aurten. Biak datoz aurreneko partidua galtzetik, biak ere estu, defentsako bonusa lortuta; baina beste kontrario baten kontra galdu zuen Cisnerosek (17-21), La Vilaren kontra etxean.
Iazkoa ez errepikatzea
Partidu garrantzitsua izango da gaurkoa, azterketa serioa, ikusteko zein mailatan ibili daitekeen bakoitza: galtzea, ez litzateke batere seinale ona izango.
Joan den denboraldian ere, Cisnerosen kontra jokatu zuten Landareko aurrenekoa, ligako estreinakoa ere izan zena. Eta orduan, gauzak ez ziren espero bezala atera: 22-28 galdu zuen Hernanik. Oraingoan ez dute nahi, puntuek berriro ihes egiterik; ez dute nahi iazko istorioa errepikatzerik.
Osasunez behintzat, ondo iritsi da Hernani: Iñaki Otxotorena izango dute baja bakarra trikoloreek, gaur Landaren aurreneko kolpea emateko.