«Urrats berezia» literatura arloan, udazkeneko agendan

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 22a, 02:00

ikasturte hasierarekin batera, dagoeneko etxe guztietara iritsi da urteko bigarren erdiko udazkeneko kultur egitaraua. Honen nondik norakoak azaldu eta egitarau berria aurkezteko, prentsaurrekoa es­kaini zuten herenegun Koro Etxe­berria kultura zinegotzi­ak, Agurtzane Aizpuru kultura teknikariak eta Rakel Gonza­lez liburutegiko arduradunak.

Bost disziplina
Koro Etxeberriak azaldu zuenaren arabera, aurtengo agenda aldatu egin dute: «lehen, mo­du kronologikoan eskain–tzen ziren jarduerak; orain, disziplinaka ordenatu dira». Udalaren ustez, «modu logikoagoa, koherenteagoa» delako.

Bost disziplinatan banatu dituzte kultur ekintza guztiak: literatura, musika, nahastekak, antzerkia eta arte plastikoak. Horietan artean, literaturaren arloa nabarmendu nahi izan zuen Etxeberrian, ber­­tan «urrats berezia» eman nahi delako udazken honetan.

‘Hitz-andana’, jardunaldi berria
Hain zuzen, literatura arloan izango direnen inguruan aritu zen Rakel Gonzalez liburutegiko arduraduna. «Alde batetik, ohikoak eta errotuak dauden ekintzak izango dira, ipuin kon­taketak eta literatura solasaldiak; eta bestetik, bi jarduera berri: Hitz-Andana jardunaldia eta irakurketa partekatuak», azaldu zuen. 

Hitz-Andana jardunaldia urri­aren 3, 4 eta 11n izango da, eta Gonzalezek onartu zuenez, «Hernani Hitzetan jardunaldiaren hutsunea betetzera da­tor». Hau da, hitza izango da protagonista, aurrekoan bezalaxe: «hitza kontatua, xuxurlatua, antzeztua, errezitatua...». 

Berrikuntza gisa, baita ere, Hitz-Andana jardunaldian es­kainiko den Pez Limbo mikro antzerkia Urumea ikastolako eraikin zaharrean egingo dute. 

Bigarren jarduera berria Irakurketa Partekatuarena izan­­go da: «herriko pertsona ezagunek irakurle gisa daukaten esperientzia partekatuko dute». Aurreneko gonbidatua Kattalin Miner izango da, urriaren 24ean. 

Herriko taldeak, protagonista
Musika arloa ere garrantzitsua izango da, udazken honetan. Mi­­kel Urdangarinen kontzertua izan zen seihileko berriaren aurrenekoa, eta beste hiru ere izango dira, Biterin: urriaren 18an, Niko Etxart eta Maia­len Errotabere; urriaren 13an, Alboka; eta abenduaren 29an, Bloody Brotherhood, Meltdown eta Liher. 

Azken hau izango da berrikuntza: «rockarekin bagenuen zor bat». Gainera, aprobetxatuko da Hernaniko lokaletan en­tsaiatzen duten taldeak ba­daudela, horietako bi di­ra Bloo­dy Brotherhood eta  Melt­­down.

Disziplina desberdinak, adin ezberdinentzat
Ohi bezala, arte eszenikoen ar­­­loa ere presente egongo da udaz­­­keneko egitarauan. Bate­tik, urteko bigarren antzerki zikloa izango da azaroaren 13tik 15era, hiru antzerkirekin: Argien hautsa (Vaiven teatroa, estreinaldia), Izoztutako haizea bezala (Tanttaka teatroa), eta Herederos del Ocaso (Club Cani­bal, Madril), hurrenez hurren.

Horrez gain, Nahastekak atalean ere, beste bi ikuskizun ere izango dira. Aurrenekoa, datorren ostegunean: Micro­cli­mate (sarrerak salgai daude, dagoeneko).

Eta azkenik, haurren an­tzerkian saiakera berezia egin dela azaldu zuen Aizpuruk: «batetik, ahalik eta adin-tarte ezberdinenak kontuan hartzeko; eta bestetik, disziplina desberdinak izan daitezen». 

Arte plastikoek ere, txokoa
Udazken honetan ere, txoko berezia izango dute arte plastikoek, hainbat artistak jarriko dute erakusketa, Biterin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!