AGUSTIN Unzurrunzaga bergararra da, baina urteak daramazki Donostian bizitzen. Gipuzkoako SOS Arrazakeriaeko sortzaileetako bat, elkarte horretako koordinatzailea izan da urteetan. Gaur, erretiroa hartuta, bertan segitzen du kolaboratzen. Datorren ostegunean, irailaren 20an, Biterin emango du hitzaldia, 19:00etan. Sei hilabetero txosten osatu bat betetzen du inmigrazioaren inguruan eta Hernaniko hitzaldian hiru gai garrantzitsu jorratuko ditu gainetik.
«Gaur egun migrazioak zertan diren azaldu nahi dut» dio Unzurrunzagak. Munduan gaur egun kanpoko migrazioak deitzen direnak jorratuko ditu. «Estatu batetik bestera joaten direnak. Leku askotan barneko migrazioak askoz ere handiagoak dira Txinan edo Indian adibidez, baina guk landuko duguna kanpokoa izango da. Munduko panorama gutxi gora-behera gaur egun non dagoen eta zer tendentziak dauden edo zer iragartzen den hemendik 20 urtera garatuko dugu».
Hala ere argi du iragarpenak egitea zaila dela dagoen mobilidadearekin eta azkartasunarekin. «Baina prebisioak egin behar dira zeren aurrean gauden jakiteko». Gero ere udaran Afrikatik etorritako jendearen irudiak kontuan hartuta «Afrikako migrazioak zer diren ikusiko dugu. Batez ere niri interesatzen zait adieraztea Afrika kontinente oso haundia dela, eta, aldi berean, migrazio gehienak kontinente barruan egiten direla. Orokorrean migrazioen %80a bertan ematen dira, nahiz eta kanpo migrazioak izan. Afrikako hegoaldeak normalean jaso egiten ditu migratzaileak eta iparraldeak bota egiten ditu nolabait».
Afrikako jende guztia ez dagoela Europari begira dio Unzurrunzagak, nahiz eta egia izan «zati batek Europari begiratzen dio eta helburua Europara iristea da. Bestetik, hori indartu egin da kontuan hartuz lehen destino migratorioak ziren lekuak gaur egun izateari utzi diotela». Adibide esanguratsuena Libia da.
«Gerra hasi aurretik populazioaren %15a atzerritarrak ziren Gaddafiren garaian. Gerra ostean jendea badago baina ez da gauza bera. Lehen lanera joaten ziren batez ere petrolio industrian, eraikuntzaren alorrean eta etxeko lanetan, kontutan hartuz Afrikako herrialderik garatuenetakoa zela. Gaur egun hori pikutara joan da. Oso garbi ikusi zen juxtu gerra hasi zenean nola batez ere jatorriz Egiptotik eta Tunisiatik joandakoak bueltatzen ziren Egipto eta Tunisiara. Kasu batzutan saiatu ziren Europara joaten eta Sarkozyren erabakia izan zen Schengeneko espazioa ixtea tunisiarrentzat. Golfoko beste lurralde batzutan ere Quatarren esaterako antzekoa gertatu da».
«Afrikako jende guztia ez dago Europara begira, nahiz eta zati baten helburua izan. Hori indartu da lehen destino migratoriak zirenak izateari utzi eta gero, Libia adibidez»
Pertsona horiek bi aukera dituzte bere ustez. «Bere herrialdera bueltatu edo saiatzen da beste leku batera joaten. Guzti horrek egiten du jende zati baten helburua Europara iristea izatea. Kontuan hartu behar da Afrikar komunitate potenteak daudela Europako zenbait herrialde eta hiritan; Frantzia eta Bretainia Handia izan daitezke horietako bi adibide. Erresuma Batuan Nigeriarrak komunitate oso handia osatzen dute, baita ghanarrak ere. Hor sareak daude, aspaldiko sare migratorioak. Jendearen saiakeran helburu konkretuak daude, ez da edozein lekutara joaten, bere asmoa da Parisera, Londresera edo Marsellara iristea. Sare horiek izugarrizko garrantzia dute. Ez da gauza bera abenturara edo helburu batekin joatea non senide edo konfidantzako pertsona batekin aurkituko naizen, lagunduko nauena nahiz eta denbora batean gaizki egon. Laguntza emango didate aurrera ateratzeko».
Unzurrunzagaren esanetan komeniko litzateke «hori bideratzea», beti egongo delako Europa helburu duen migratzailea eta gaur egunean gertatzen ari dena ez gertatzeko. «Migrazio zati handi bat egiten da baldintza ikaragarri zail eta txarretan, eta beste modu batean bideratu beharko litzateke hortik ez pasatzeko. Hori posible da, nahiz eta gauzak ez diren errazak eta Afrikarekin egin diren plan guztiak orain arte erdi pikutara joan diren. Horrek ez du esan nahi ez dela posible eta dena ixtea denik soluzioa. Bide legaletatik bideratu daiteke migrazioaren zati haundia».
2016tik migrazioa gehiena Hegoamerikatik dator eta ez Afrikatik
«Uztailean eta abuztuan bazirudien migrazio guztia Afrikatik zetorrela, baina hori ez da horrela» dio SOS Arrazakeriako ordezkariak. «Espainiara iristen dena, 2016tik onuntza, hegoamerikatik dator batez ere. Krisi garaian 2010etik 2015era saldo migratorioak negatiboak izan ziren Hegoamerikatik, hau da jende gehiago itzultzen zen Hegoamerikara Estatura bertatik iristen zena baino. Bereiztu egin behar da Ertamerika; Nikaragua, Honduras, Dominikar Errepublika.. herrialde horietatik beti izan da saldo positiboa. 2008tik gaur egun arte. Hegoamerikako kasua desberdina izan da. Orain buelta eman zaio horri eta 2016tik onuntza berriz ere saldo positiboa dago».
Horretan Venezuelako egoerak eragina izan du. Ekuadorrera itzuli zen jende bat berriz ere Euskal Herrira dator. Batzuk erresidentzi permanente eskubidea zuten, beste batzuk espainiar nazionalitatea ere bai. Aukera dute mugitzeko beraien herrialdetan gauzak pentsatzen zuten bezela ez baldin badaude. «Hori dena berria da 2016tik gaur arte» argitzen du Unzurrunzagak.
Udaran gertatu da Italiak bere sarbideak itxi eta gero, zabalik geratu dena Espainiaren sarbide mediterranearra izan dela. Turkia eta Greziako sarbideak ere 2016an itxi zirela. Irudi oso gogorrak ditugu Andaluziako iritsierekin eta gero hemen Bilbon, Donostian eta Iruneko harrerekin, baina mugimendu migratorioen aldetik gaur egun 2018an sarrera haundienak Hegoamerikatik datozenak dira».
«Alemaniak bakarrik EBeko errefuxiatuen erdiak baino gehiago jaso ditu»
Hitzaldian jorratuko den bigarrena asilo eta iheslarien gaia izango da. «Primoeskaerak azaldu nahi ditut, hau da lehenengo aldiz non eskatzen diren. Ze eboluzio edukitzen ari diren eta asiloaren eskaera nola dagoen Europar Batasunaren kasuan. Esan liteke pikoa 2015 eta 2016an izan zela, piko horretan badaude estatu konkretu batzuk jaso dituztenak primoeskaera horiek. Alemania berak bakarrik Europar Batasuneko beste estatu guztien batura baino gehiago jaso ditu. Beraz alemanei esatea ‘Europak ez ditu errefuxiatuak jasotzen’ ez da posible. Desoreka izugarriak daude. Leku konkretu batzuetan egia da primoeskaeren kopuru oso haundiak izan dituztela».
Asilo eskaerak jeitsi egin dira 2015 urtetik
Eskaera hauen kopuruak behera egin dute 2017an eta arrazoi desberdinak aurkitu daitezke adituaren esanetan. «Turkiarekin egindako akordioa aipatu behar da. 850.000 pertsona sartu ziren, 2015ean, Greziara. 2016ean asko jeitsi ziren eta 2017an kantitate haundi hauek askoz txikiagoak izan dira. Gero Italiaren kasua dago. Aldaketa horiek guztiak kontutan hartu behar dira ikusteko eboluzio guzti horiek. 2013 eta 2014ko datuetara itzuli gara eta 2018ko lehenengo sei hilabetetakoak hortik doaz».
Turkian 3,5 milioi siriar daude eta 500 mila Libano eta Jordaniatik itzuli dira Siriara.
Beste faktore garrantzitsua Siriako gerraren eboluzioa eta amaiera gertu dagoela dira. Errusia, legalki Siriaren eskaera eta gero, gerran sartu zen 2015eko irailean. «Turkian dauden siriarrak, 3,5 milioi, hor daude ez dira mugitzen. 6.000 milioien truke bertan mantentzen ditu Turkiak. Bestetik badaude Siriara bueltatzeko mugimenduak; bai Jordaniatik, bai Libanotik eta bai Turkiatik. Gainera honelako mugimenduak oso kontradiktorioak dira. Batzuk desiratzen egoten dira bueltatzeko, beste batzuk beldurrakin jarraitzen dute eta beste batzuk badakite, nahiz eta bueltatu, ez dutela ezer ere ez aurkituko eta orduan zertarako bueltatuko naiz? galdetzen dute. Zalantza guzti horiek hor daude eta denbora bat beharko dute ikusteko ea bueltatzeko mugimenduak ematen diren edo ez. Eta baita Gobernuaren jarrera zein izango den. Libanotik eta Jordaniatik 500 mila bueltatu dira. Hori indartu egingo da. Balkanetako gudan hori ikusi zen eta edozein gerretan gertatzen da».
«Europako eskuin muturreko alderdi handiak ez doaz neofaxismoaren bidetik»
Hirugarrenez eskuin muturraren egoera Europan nolakoa den azalduko du Agustin Unzurrunzagak Biterin. Tendentziak eta linea politiko garrantzitsuenak nora dijoazen, nazional populismoa nola konkretatzen den, aztertuko du.
«Batzutan joera dago faxismora edo nazismora eramateko eta horrekin kontu handia eduki behar dugu. Ez du esan nahi neofaxistarik ez dagoenik, baina linea eta partidu inportanteenak ez dijoaz bide horretatik. Oso erraza da planteatzea beti esanez hauek neofaxista batzuk dira eta askotan ez da horrela. Jaiotzan influentzia batzuk izan zitzazketen, baina gaur egun nazional populismoaren bide horretan jarraitzen dute eta gero neopopulismo xenofoboa; batez ere aliantza egiten dutenean Frantziako Fronte Nazionalak, Austriako FPÖk eta Herbeheretako PVVk argi ikusi daiteke. Azken kasu honetan eskuin liberalaren radikalizazioaren bitartez datorren neopopulismo xenofobo bat da. Ez dauka zer ikusirik jatorri neonazi batekin. Wilders nahi dena izango da, baina ez da hori».
«Bertakoarekin solidaritatea aldarrikatzen dute eskuin muturreko alderdiek»
Unzurrunzagari interesatzen zaiona da ikustea eskuin muturrak ez duela beldurren inguruan funtzionatzen. «Egia da paniko moralen inguruan izugarrizko eragina duela beraien proposamenetan esaterako, baina ikasi behar dugu kontuan hartzen zer proposatzen duen. Beraien programak, programa politikoak dira, ikuspuntua dute gizartearen eboluzioarekiko, historiarekiko eta hori kontuan ez badugu hartzen eta bakarrik ikusten baldin badugu inmigrazioarekiko mugitzen duten beldurra ezin dira ulertu. Beste pauso bat eman behar da, serioki hartu proposatzen dutena, ikusteko nondik nora dijoan, hobeto ezagutzeko eta hobeto aurre egiteko».
«Eskuin klasikoarekin eta ezkerrarekin elkartu izan da eskuin muturraren diskurtsoa»
Eskuin muturrak Europako historian oso historia luzea du dio Unzurrunzagak. «XIX. mendean hasten dena. Beti jarraitu izan du eragina edukitzen; haundiagoa edo txikiagoa garaiaren arabera. Gaur egun berriz ere gora dijoa, ez pasa den mendean egin zuen modu berean eta ez da momentu bateko kalentura bat. Zona grisak beti egon dira eta elkartu dira eskuin klasikoarekin, eta ez hori bakarrik. Baita ere ezkerrarekin. Ikusten dudanean eskuin mutur guztia politikaren zati haundi bat lehentasun nazionalean guretzako, etxekoentzako... ez dute esaten inmigrantearekin solidaritatea, baizik eta bertakoarekin solidaritatea. Bereizketa hori kontuan hartu behar dugu, lehentasun nazionalaren gaia ezaugarri oso inportantea da eskuin muturraren politikan, baina izan da ezkerraren hanka sartze historiko bat. Hor ezkerrak 60-80garren hamarkadan jorratutako gai batzuk, batez ere langile pobreen gaiaren inguruan hortik edan egiten du eta ispilu baten aurrean jartzen dizu. Eta Le Pen zaharrak beti esaten zuen, hobe da originala fotokopia baino».
«Ezkerraren historia batzutan ezkerrekoek baino hobeto ikasi dute»
Eskuin muturreko alderdiek oso ongi erabiltzen dituzte sare sozialak eta komunikabideak dio Unzurrunzagak. «Sare potentea sortu dute eta eragina dute. Oso ongi menperatzen dute, Frantziaren kasuan identitarioak horretan maixuak dira. Internet inguruan asko estudiatu eta ikasi dute Greenpeacetik esaterako. Gainera oso ondo estudiatu dute ezkerraren historia, batzutan ezkerreko jendea baino hobeto. Leninen Zer egin? (1902) lana oso ongi ikasi dute, partidua nola egin, eta batez ere Gramsci eta hegemonia kulturalarena. Nahiz eta txikiak izan, gizarte gaiak bihurtu dituzte garrantzia ematen zaien idea batzuk.