Ricardo Crespo, Hernaniko PSEren primariotan hautagai

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 24a, 02:00

Ricardo Crespo, gaur egun, PSE-EE alderdiaren bozeramailea eta zinegotzia da, Her­naniko Udalean, eta pasa den astean alderdi sozialistaren he­rriko primariotarako hau­ta­gaitza aurkeztu zuen. Ber­tan erabakiko da nor izango den datorren udaberriko udal hauteskundeetan alderdi so­zia­­listaren alkatetzarako hautagaia. Cresporen hitzetan: «proiektu bat aurkeztuko dut eta bertan Hernani, es­ku­al­dean hazkunderako gaitasun gehien duen herria be­zala finkatu nahi dut».
Ricardo Crespok 34 urte ditu, Zientzia Politikoetan li­zen­tziatua da EHUren eskutik eta euskalduna da. Bere ustez «Her­nani 20.000 biztanleko udalerria bihurtu da Donos­tia­rekiko duen gertutasunagatik hein haundi batean. Urrutiago egon bagina desberdina izango zen, baina 15 kilometroko erradio batean egoteak abantaila ematen dio he­rriari».
Cresporen esanetan hazkunde demografiko hori «au­kera bat da Herna­niren­tzat dirusarrera gehiago ekartzen dituelako eta horrek beharrezko zerbitzuetan inbertsioak egitea bideratuko du». Horre­ta­­rako, azpimarratu du Gipuz­koako Foru Aldun­diarekin el­kar­lana, «eta batez ere Mugi­kortasun alorrean Marisol Garmendia sozialista egiten ari den lana».

Gaur hasiko da bermeak jasotzeko prozesua eta urriaren 5era arte luzatuko da 20.000 biztanle dituzten herrietan

«Nortasuna mantendu eta herria erakargarri egin»
Cresporen iritziz, «komunikazio onak, azkarrak eta erosoak daude, gainera  Lu­rral­­­debus­e­ko autobusen maiz­­­ta­sun egokiarekin. Ho­rrek suposatu du, Her­­nani izatea Donos­tiako etxe­­bizitzen prezio altuetatik ihesi dabiltzan fa­milien aukera».
Honela, «Hernani ezin da bihurtu lo-hiria eta horretarako hiritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaini behar zaizkie garbitasunean esaterako, txo­tx garaiak sortzen dituen arazoak konpondu behar dira edo azpiegitura hobeak eskaini be­har dira bidesarean Herna­nitik irteera bat adibidez Florida gunean. Baina ezin du­gu ezta zerbitzuen herri batera mugatu, industri inber­tsioentzako erakargarria diren politikak mantendu behar dira kalitatezko lanak sortuko dituztenak». Horiek izango dira Cresporen erreibindikazioak alkatetzarako hautagai izateko aukeratua baldin bada. «Gakoa zerbi­tzuak eskaintzea da etxebizi­tza eta bizi proiektu bat aukeratzean Hernaniren alde egiteko».
Jende berria erakartzeak herria gaztetzea ere dakar eta horrek udalerri bezela etorkizuna izatea esan nahi du Cresporen aburuz. «Hala ere nahiz eta 20.000 biztanlera iristea positiboa den, hiriago egiten gaitu nolabait esateko, oso beharrezkoa dena da; herri izaera mantentzea gure ohiturekin eta gure nortasunarekin, esentzia baztertu gabe».

Primarioen prozesua
Gaur hasiko da PSE-EEn bermeak jasotzeko prozesua, urriaren 5a arte. 20.000 biztanle baino gehiagoko herrietan alkatetzarako hautagai­tzarako afiliatuen portzentai minimo baten bermeak bildu behar dira.
«PSOEk martxan jarri duen tresna da, alderdia  garai berrietara eta herritarren partehartzearen beharretara egokituz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!