Maiatzean hasi, eta irailera arte ireki dute Goizuetako Iskibi kanpiña azken 15 urtetan, Joseba Elizegi astigartarrak, David Alcrudo sukaldari kataluniarrak eta Joxe Manuel Maritxalar pasaitarrak.
Pasa den larunbatean, azken hamar bat urteetan bezala, Euskal Jaia antolatu zuten, udarako denboraldiari amaiera emateko. Baina aurtengo itxiera ez da udara agurtzeko bakarrik izango; kanpiña uztekoak dira oraingo langileak, eta horregatik, goizuetarrak eta bidean egindako lagun guztiak agurtzeko festa berezia antolatu dute gaurko.
‘Nonguayaz’ talde oiartzuarrak, musika
Dagoeneko itxita dago Iskibi kanpiña, baina gaur berriro irekiko ditu ateak, festarako.
Gaueko 23:00etan hasiko da agur festa, eta Joseba Elizegik aitortutakoaren arabera, «erdi festa, guk ere parranda egitekoa» izango da. Nonguayaz Unitate Nuklearra musika taldeak kontzertua emango du, eta parranda goizaldera arte luzatzeko asmoa azaldu dute. Mozorrotuta joateko dei egin dute. Bestalde, gogorarazi dute gaurkoan ez dela otordurik emango.
«Harreman haundia egin dugu goizuetarrekin; herriak ikaragarri lagundu digu beti»
Orain 15 urte hartu zuen kanpiña Joxe Manuel Maritxalarrek «Berrian iragarki bat ikusita», azaldu du Elizagik. «Bartzelonako Euskal Etxetik ezagutzen zuen David Alcrudo, eta beraiek jarri ziren. Tokia gustatu, eta geratu egin ziren, eta ni orain dela 13 urte hasi nintzen. Azken zazpi bat urtetan David eta ni ibili gara, baina Joxe Manuel beti aritu da gurekin, inguruan, laguntzen».
Beste laguntza bat ere azpimarratu nahi izan du Elizegik. «Esperientzia oso ona izan da, oso polita. Azken egun hauetan ere oso maitatuak sentitu gara, eta poza ematen du. Oso integratuak sentitu gara beti. Harreman haundia egin dugu goizuetarrekin; herriak ikaragarri lagundu digu beti, ekintza guzietan!»
Kanpotarrentzat oasi, bertakoentzat aisialdi gune
Hain zuzen, makina bat ekintza antolatu dituzte Iskibi kanpiñean azken urteetan, eta goizuetarrek ere gozatu dute.
«Herritarrentzako izan da udarako aisialdi gune bat gehiago, herritik pixka bat aparte. Gehienbat jatetxe eta tabernan egin dugu lan». Baina baita bestelako ekitaldiak antolatzen ere. Euskal Jaiak, adibidez, azken hamar urteetan egin dituzte, udara agurtzeko. Era berean, Garagardo Festa egin dute azken lau urteetan. BTT zeharkaldia, berriz, denboraldia hasterako, maiatzean antolatu dute bederatzi urtetan. Bestelako ekitaldi berezien artean, berriz, antolatu izan dituzte mus txapelketak, bertso barrikoteak, pelikulen emanaldiak eta solasaldiak, antzerki saioak, globo aerostatikoan bueltaxkak...
Goizueta eta ingurukoek hainbat ekitaldirekin gozatu duten bezala, kanpotarrek lasaitasuna maite izan dute; «familia giroa, txikia eta lasaia izatea» nabarmendu dute. «Eroso sentitu direla esan digute, gertuko tratuagatik. Ez direla zenbaki huts sentitu». Eta ez dira gutxi kanpotik etorritakoak. «Azken lauzpabost urtetan nabaritu da Donostialdean izandako turismoaren gorakada».
«Nafarroan euskaraz egiten duen herria ezagututa harritu egin dira asko»
Turista horiek, orokorrean, erreka eta inguruko parajeekin gozatu dute. «Asko, eta bereziki estatukoak, txoratuta ibili izan dira Artikutzako berde kolorearekin, eta inguruan ura alde guztietan edukitzearekin. Beti saiatu izan gara inguruko ibilbideak proposatzen. Goizueta herria ere oso polita dela esan dute beti. Eta estatuko jende asko harritu egin da Nafarroan euskaraz egiten duen herria ezagututa. Uste zuten Nafarroan ez dela euskaraz egiten! Azkenean, ikusi dugu herriko jendea kanpokoarekin nahasten, eta oso harreman politak sortu dira. Gu ere, Goizueta bihotzean sartuta joanen gara».