ZINEMALDIA hasiko den honetan, Elias Querejeta zinemagile hernaniarraren figuraren zati bat aztertzeari ekingo dio gaur Buruntzaldeako Elkarbizi taldeak. Hain zuzen, ikastaro-hitzaldia eskainiko du 19:00etan hasita, Biteri kultur etxean.
Ikastaroaren helburua da Querejetak euskal gatazkari buruz ekoiztu zuen trilogia aztertzea.
Indarkeriaren zabalkundeak utzitako kalteak aztertu nahi izan zituen Elias Querejetak, 2001 eta 2011 ar–tean ekoitzitako trilogia filmikoan.
Hiru pelikula, aztergai
Hiru pelikuletatik, eta beraz, hiru ikuspuntu ezberdinetatik abiatuko dira: Fernando Buesa eta bere bizkartzainaren hilketa (Asesinato en febrero, 2001); jazarpen indarkeria, Andoain eta Zarautzko zinegotziek sufrimenduaren sozializazioaren garaian bizi izan zutenaren bitartez (Perseguidos, 2004); eta azkenik, berradiskidetzearen posibletasuna, esperientzia kontrajarriak bizi izan dituzten pertsonen testigantzak alderatuz (Bakerantza, 2011).
Sekuentzia sortak proiektatuko dira, ez osorik
Aztertzen laguntzeko, bertan izango da Aizpea Goenaga, aktore eta zuzendaria, ikastaroa zuzentzen. Hori ulertzeko, argitu dute pelikula osoak ez direla proiektatuko, bertan azaltzen dena ulertzeko sekuentzia-sorta, baizik.
Ikastaroarekin, Elkabizi taldearen asmoa bikoitza da. «Bertaratzen direnak jabetzea gure iraganari buruzko kontzepzioari, eta memoria kolektiboa osatzeari, egin diezaiokeen ekarpena oso garrantzizkoa dela eta, bide batez, bertaratutakoei eskeintzea Querejetaren ekoizpen ekimenetan sakondu ahal izatea, bereziki ezagutu dezaten trilogia honen bitartez nola azaltzen duen indarkeriak gure gizartean urteetan zehar utzitako sufrimendua».