«Herri triste eta hilaren irudia eman nahi dugu; horrelakoa izango litzateke komertziorik gabe»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 22a, 02:00

«Ez dugu inoren kontra egin nahi; bakarrik nahi dugu lortu herritarrei pentsaraztea», zioen atzo Marta Zulaicak, Beterriko Merkata­ri­tza Bulegoko arduradunak. Eta herritarren hausnarketa hori pizteko, plastiko beltzak erabili dituzte: komer­tzioen erakusleihoetan jarri dituzte; joan den urtean Her­na­nin egin zutena, eskualdeko beste herrietan egin dute orain, hain justu. «Herri triste eta hi­laren irudia eman nahi dugu; horrelakoa izango litzateke, ko­mertzio txikirik gabeko herria», azaldu zuen Zulaicak. Andoai­nen aurkeztu zuten kanpaina, Urigain kultur etxean, eskualdeko udal ordezkari, merkatari eta teknikariek.

«Gogorra da zure dendako erakusleihoa beltzez estaltzea, baina egoera oso zaila da. Era­kutsi nahi dugu herri biziak nahi ditugula. Herritarra libre da nonahi erosteko, baina erakutsi nahi dugu herrian bertan erostea ere aukera bat dela; eta askotan, ez okerrena, onena bai­zik», nabarmendu zuen Sia­decoko Juanjo Allurrek.

Komertzioen %75a baino gehiago, bat eginda
Hortaz, Beterri eskualdeko mer­kata­ri­tzaren egoera «kezkagarriaz» ohartarazi nahi dituzte herritarrak, sentsibilizazio kan­paina honen bitartez. Her­na­nik, Astigarragak, Andoainek, Usur­bilek eta Lasarte-Oriak egin dute bat; eta partehartze haundia izan du, merkatarien aldetik: «komertzio txikien %75ak baino gehiagok egin du bat», azaldu zuen Allurrek. Herna­nin, 109 komertzio atera ziren kalera atzo, Hernaniko Merka­taritza Festa ospatzeko; eta Astiga­rra­gan, 50 establezimenduk jarri dituzte plastiko bel­tzak, bera­ien erakusleihoetan.

Elkarlanean aritzearen ideia horrekin bat egin zuten kanpai­naren aurkezpenera bertaratu zirenek: «txiki­ak gara, baina el­kartzen bagara, indar haundia izan dezakegu. Oso ga­rran­tzi­tsua da bat egitea», adierazi zuen Maugi Rojok, Her­na­niko Ikusi-Makusi dendakoak.

Tristuraren ondoren, alaitasuna eta bizia
Ostegunean hasi ziren dagoeneko, Astigarraga, Andoain eta Usurbilgo komertzioetako erakusleihoak plastiko beltzekin estaltzen; horrela egongo dira, bihar arte. Tristurak eta herri hilaren irudiak, ordea, alaitasunari eta herri biziari egingo dio bidea, asteartean. Irailaren 24tik aurrera, hiru herri horietan eta Lasarte-Orian, «dendak koloretako globoekin apainduko ditugu, eta kalera aterako gara, herriari poza eta bizitza ekartzeko», aurreratu zuten.

Alaitasun eta bizitasun hori bera da, Hernaniko komertzio­ek azaleratu zutena atzo, Mer­kataritza Festarekin. Egun oso­ko ospakizuna egin zuten, ko­mertzio txikiak herriari aportatzen dion guztia aldarrika­tzeko, eta Berriak elkartearen 25garren urteurrena ospatzeko.

«Komertzio txikiek ez dituzte babes hitzak behar; babes neurriak behar dituzte»
Merkataritzaren arazoak, erakundeen partehartzea ere es­ka­tzen duela nabarmendu zuen Jon Zulueta Andoaingo zinego­tziak: «ohituta daude gure ba­bes hitzak entzuten, baina ez da hori behar dutena. Babes neurriak behar dituzte, Udaletatik hasi, Aldunditik segi eta Eusko Jaur­la­ritzaraino».

Udala eta komertzioen elkar­lana nabarmendu zuen Luis Intxauspe Hernaniko alkateak ere, eta horretarako, adierazi zuen «merkatari elkarteek in­da­rra hartzea» ezinbestekoa dela: «animatu daitezela komertzio gehiago, elkarteko bazkide izatera. Kanpaina hau bezalako ekintza txikiek, eragina dute he­rria biziberritzeko bide ho­rre­tan», nabarmendu zuen.

Zorione Etxezarraga Asti­ga­rragako alkateak, bere aldetik, adierazi zuen «apustu serioa» egin dutela herriko merkatari­tza indartzeko, eta «sakontasu­nez» sartu nahi dutela erron­ka horretan. Nabarmendu zituen Astiko merkatari eta ostalari elkartearen biziberritzea, eta Udalean merkataritzaren arloko teknikari bat hartu izana.

Jaione Irazu teknikariak ere hartu zuen hitza, kanpainaren aurkezpenean: «ostegunean, po­za ematen zuen kaletik ibili eta ikustea merkatari guztiak lanean, erakusleihoak beltzez estaltzen elkarrekin». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!