Ondo ekin dio denboraldi berriari, Mundarroko Erregional Preferenteen taldeak. Irabazi egin zuten igandean, Errenterian, Touringen zelaian (1-2). Eta horrekin, ligako aurreneko hiru puntuak lortu zituzten astigartarrek.
Garaipen haundia da, moreek lortu zutena. Kontrario gogorra zuten aurrean, jaitsi berri den taldea, eta aurreko denboralditik aldaketa haundia izan duena. Eta hori horrela, etxeko taldea izan zen baloiaren jabe, partiduaren hasieran. Astigartarrak, berriz, baloia lapurtu eta kontraerasoan min egiteko asmoz atera ziren, eta berehala lortu zuten gainera: laugarren minutuan, defentsari presioa eginez baloia berreskuratu, eta denboraldiko aurreneko gola egin zuen Igorrek. Kolpe horrekin, are gehiago haunditu zuen erritmoa Touringek, eta asko sufritu Mundarrok. Baita banakoa jaso ere, 25garren minutuan. Gero, lasaiagoa izan zen partidua, atsedenaldira iritsi arte, berdinduta.
Erritmo haundiarekin zelairatu zen Touring, bigarren zatian ere; baina sistema aldatzen asmatu zuen Mundarrok, eta 20 minuturen faltan sartu zuen garaipenaren gola Pedronek, buruz, korner batean. Hortik bukaerara, defentsa lanetan aritu ziren moreak, eta baita ederki eutsi ere!
Joan den asteburuan hasi zuten liga, Mundarroko beste bost taldek ere: ohorezko jubenilek irabazi zuten, Beti Gazteren kontra (2-1); berdindu egin zuten 1go mailako jubenilek, Usurbilen (2-2); eta galdu 1go mailako erregionalek Intxurreren kontra (0-1), ohorezko kadeteek Touringen zelaian (6-0), eta 1go mailako kadeteek Billabonaren kontra (0-4).