Madriletik Lisboara erreleboka, abentura exijentea astigartarrek

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 19a, 02:00

Gelditu gabe, 770 kilometroko ibilbidea mendiko bizikletare­kin. Erronka polita eta aben­tu­ra exijentea daukate aurretik, Jon Blanco eta Mikel Arriaga astigartarrek: Madrid-Lisboa Non Stop lasterketan ariko dira ostiraletik; eguerdiko 12:00etan Madriletik abiatu, eta Lisboara iritsi arte. «Horixe da berezi­tasun haundiena, gelditu gabe dela, erreleboka. 70-80 kilo­me­­troko etapa modukoak daude markatuta, eta horien bukae­ran daude erreleboa emateko puntuak, herri batean», diote.
Banaka, binaka, hirunaka zein launaka hartu daiteke parte, eta bikotea osatuko dute astigartarrek: «Jon abiatuko da aurrena, eta hortik aurrera, ba­koitzak etapa bat osatuko du. 10 etapa dira, beraz bakoitzak bost, ezer pasatzen ez bada behintzat», azaldu dute.
Izan ere, horrelako proba­ren bat egiten duten aurre­ne­ko aldia da: «berria da guretzat, baina ondo prestatuta eta ilu­sio haundiarekin goaz, eta oso konpetitiboak gara. Aurreko urteetako maila baldin bada­go, txukun ibiliko gara. 38 ordu­tan bukatzeari begira prestatu gara, eta joan den urtean, 38 ordu horietan sartu ziren po­diumekoak... Aurrenekoa ondo pasatzea eta dena ondo joatea da, baina ez dugu ezer si­na­tzen...». Horretan, badirudi bai­korragoa dela Blanco: «36 ordu­tan eginez gero, larunbateko gauerdia litzateke; nire apus­tua da larunbatean bukatuko dugula». Eta Arriagak eran­tzun: «ni konformatzen naiz igan­dean gosaltzera iristearekin!». Baina ados daude biak, proba gogorra izango dela: «erraz esa­ten da 36 edo 38 ordu, baina gero luze egin behar zaigu».

‘Tranpak’, ibilbidean
Hainbeste kilometrotan zehar, hamaika txoko eta zonalde ez­berdinetan ibiliko dira asti­gar­tarrak, eta tranpak ere topa­tuko dituzte, antolakuntzaren azalpenetan agertuko ez diren sorpresak: «ibilbidearen deskri­bapenean, jartzen du ez dela gorabeheratsua, baina ikusi dugu zein abiaduratan ibili diren aurreko urteetan; eta ez dira oso batazbesteko altuak. Beraz, nekeaz aparte, aldapak ere badaude nonbait! Gainera, Portugalen, lurra hondar asko­rekin izaten da, martxa mote­lagoa da, eta gu ez gaude ohi­tuta. Ea nola moldatzen garen», diote astigartarrek.
Beste zailtasun extra, ibil­bi­dea ez dela markatuta egongo: «tracka emango digute, ibilbi­dea bera formatu digitalean, gure GPSan sartzeko eta ja­ki­teko nondik joan behar dugun. Hori ere praktikatu behar izan dugu, azkenaldian. Gu beti ibili gara bide ezagunetatik edota bide berriak bilatzen, baina GPSekin eta ho­rrelakoekin inoiz ez. Ea ez zai­gun garesti ateratzen noba­tada...!». Gaine­ra, ezin dute ibilbidetik atera: «toki batzuetan, kontrol puntu sorpresak egongo dira, eta horietatik pasatzen ez bazara, pe­nalizazioa daukazu».

«Atseden hartzea tokatzen zaigunean, ez dugu batere deskantsatuko»
GPSa bezala, gainean eraman beharko dituzte ura, janaria, erramintak... «Errelebo puntutik puntura ez baita ezer egongo».
Hala ere, izango dute la­gun­tzarik, astigartarrek: «autoka­ra­bana bat alokatu dugu, eta bi laguntzaile etorriko dira gu­re­kin. Beraiek gidatuko dute pun­tutik puntura. Guk, erreleboa bukatu eta bestea abiatzen denean, bizikleta garbitu eta zerbait jango dugu; eta ohean etzango gara pixka bat, hurren­go puntura mugitu bitartean. Baina ezagututa nolakoak ga­ren gu biok, atseden hartzea to­katzen denean, ez dugu batere deskantsatuko. Hiru edo lau orduko tarteak izango dira, baina buruari bueltaka ibiliko gara, bestea zer moduz ote da­bilen kezkatuta. Orain arteko esperientzia luzeena 24 ordu­koa dugu, eta ez genuen  bate­re lorik egin. Azken batean, ez zara desaktibatzen».

«Denbora generamakien horrelako probaren bat egiteko asmotan»
Nazioarteko proba da egingo dutena, gero eta indar gehiago hartzen ari dena: «pixkanaka zabaltzen ari dira horrelakoak. Donostia eta Bartzelonaren artean egiten zen bat, eta hori egi­tea zen gure asmoa, baina aurten bertan behera geratu da, eta hori ezin bagenuen egin... ba beste bat! Denbora generamakien horrelako bat egiteko asmotan, eta aur­ten ani­matu gara». Ez dute azke­na izango, ziurrenik; dagoe­ne­ko ari dira pentsatzen, datorren urtean Pirinioak zeharkatzen dituen beste proba bat egingo ote duten... Eta Alpeak ere aipatu dituzte!
Oraingoz, ostiralekoa dute buruan, «sentsazio onekin» ha­siko dutena, denboraldi bikai­na borobiltzeko asmotan: «urte polita daramakigu, helburu guztiak beteta». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!