Gaztelekuak gaur ekingo dio ikasturte berriari festa giroan

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 18a, 02:00

GAUR festa giroan irekiko ditu ateak Hernaniko Gaztelekuak. Ariztizabal kaleko 5ean kokatua dagoen lokalean irekiera ospatzeko askaria eta musika izango dira. 17:00etan irekiko dira ateak.
Zerbitzua 12 eta 17 urteko hernaniarrei eskaintzen zaie. Zerbitzuan izen ematea besterik ez da behar bertan parte hartzeko. Neguko, udaberriko eta udarako eskaintza berezia antolatzen du, bertako ekin­tzetan parte hartzeko aurrez izena eman behar izaten da.
Antolatzen diren irteera eta ekintza berezien inguruko informazioa jasotzeko zerbi­tzua sare sozialetan jarraitzea
gomendatzen da: @hgaztelekua.
Gaztelekuak bi hamarkada daramatza herriko nerabeekin egiten den lana plazaratuz eta beren balioa azpimarra­tzeko erronkari eutsiz. Tal­dean egotea, aisiaz gozatzea, elkarrekin bizitzen ikastea, aniztasunean heztea, nerabeen parte-hartzea sustatzea, protagonistak izatea, harremanak euskaraz egitea...  Hernaniko Gaztelekua lau hezitzaileko lantaldeak bideratzen du.
Aurtengo leloa da Hemen gu geu gara. Nire lekua. Nire jendea. Nire mundua. Lelo honekin azpimarratu nahi da gazteak beraiek direla zerbi­tzuko protagonistak, baita gazteei egokitutako zerbitzua dela ere.
Neska-mutilek parte har­tzeko eta balioak garatzeko aukerak dituzte hezitzaile profesionalen laguntzarekin: gi­zar­tean murgiltzen dira, eu­ren autonomia lantzen dute, besteekin egoten ikasten du­te...

Eskaintza adin tarte ­desberdinei egokitzeko bi talde, larunbatean
Ikasturtea berrikuntzekin da­tor. Zerbitzua adin tarte zabal bati eskaintzen zaio, eta denei harrera egokia egiteko larunbat arratsaldeetako ordutegia moldatu da.
12-14 urte bitarteko gazte­txoek 16:30etatik 18:30etara izango dute gaztelekua erabiltzeko aukera. Eta 14 eta 17 urte bitartekoek jarraian, alegia, 18:30etik 20:30era.
Zerbitzuaren ordutegia  asteartetik ostegunera 17:00-20:00 eta ostiraletik igandera 16:30-20:30.
Kontakturako bidea: gaztelekua@hernani.eus eta 943 33 32 12.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!