Ostegunean iragarri zuten Espainiako Espetxeen Idazkaritza Nagusiak dagoeneko eman duela agindua Marta Igarriz preso hernaniarra Logroñoko espetxera mugitzeko. Igarriz 2005etik dago preso, 15 urteko espetxe-zigorra betetzeko, eta uztailean, lehenengo gradutik bigarrenera pasa zuten.
Erabakiaren bueltan, oharra helarazi du Hernaniko Sarek.
«Bere herritik gertuago»
Taldeak oharrean dioenez, alde batetik, albistea «pozgarria da», izan ere, «Marta, bere herritik, senide eta lagunengandik gertuago egongo da». Gainera, bere senitartekoentzat, «ez da gauza bera 500 kilometro egitea, edo 170 egitea».
Dena den, Hernaniko Sareren ustez, badaude hainbat kontu ahaztu behar ez direnak: «ezin ahaztu Martak aspalditxo dituela zigorraren hiru laurdenak beteak». Hori dela eta, «Espainiar Legeak dioenaren arabera, dagoeneko kalean-etxean egon beharko luke».
«Presoak Euskal Herrira ekartzearen alde»
Gainera, diotenez, «Euskal Herriko gehiengoa behin eta berriz agertu da euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen alde; Martutene, Zaballa, Basauri edota Iruñeako presondegietara».
Urriaren 20an, Donostian manifestazioa
Horregatik guztiagatik, urriaren 20ean Donostiara joateko deia egiten du Hernaniko Sarek: «horretarako da, hain zuzen ere, elkarrekin eragiteko, urratsak egin daitezen bultzatzeko, beraien Legea bete dezaten exijitzeko, giza eskubideak betearazteko», bukatzen dute.