Aurreneko puntuak lortzeko asmoarekin gaur, Bartzelonan

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 16a, 02:00

Iritsi da eguna; gaur hasiko du 2018-2019 denboraldiko Hei­ne­ken Liga Ohorezko Maila­­ko errugbi taldeak. Bartzelonaren aurka izango du estreinako partidua gaur, eguerdiko 12:30­e­tan hasita, La Foixardan.

Taldea, «indartsuago»
Indarrarekin abiatu dira hernaniarrak Bartzelonara, Liga­ko aurreneko partiduaren bila. Batetik, zaleen berotasuna jaso zutelako herenegungo aurkezpenean; eta bestetik, taldea ere hala dagoelako, Beñat Iradi kapitainak Kronikari azaldu zionaren arabera: «konpletoago dago taldea, jende gehiago postuko; horrek indartsuago egiten gaitu».

Gaur izango dute, ordea, aurreneko proba, eta orduan ikusiko du zalegoak taldea nola dagoen. 

Bartzelona ere garaipenaren bila aterako da, aurreko urtekoari buelta emateko asmoz.

Puntuak etxeratzea, helburu
Aurreko urteetan baino lehenago salbatzea izango du aurten Hernanik, eta horretarako, puntuak eskuratzen joatea garrantzitsua izango da. Gaur­ko partiduan hori izango dute asmo; gutxienez, bonusen bat eskuratzea, sailkapeneko puntuak estreinatu ahal izateko.

Partidu zaila
Garaipena posible bada ere, zaila izango dute hernaniarrek. Etsita bukatu zuten katalanek aurreko denboraldia, eta dudarik gabe, horri buelta ematera joango dira aurreneko norgehiagokan, lehenbailehen ahazteko asmoz.

Zelai aldaketa, oraingoan
Nahiz eta La Teixonera izan Bartzelonako zelaia, azkenaldian jasan dituen erasoak di­rela-eta, aurreneko bi partiduak La Foixardan jokatuko ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!