«Gero eta gehiago birziklatzen da gure herrian», hala adierazi du Udalak prentsa-oharrean. Bertan azaltzen dute Udalak jasotako datuen arabera, «uztailan lortu da %79a izatea gaikako bilketa; urte hasieran baino bi puntu gehiago, %77a birziklatzen baitzen orduan».
Horri esker, diotenez, «Europak hondakinen inguruan dauzkan direktibek 2035. urterako ezarritako helburuak erraz bete dira».
Edukiontzi sistemak, urtebete
Edukiontzi-sistema guztiz jarri zela urtebete bete den honetan, Astigarragako Udalak dio datuen arabera, «astigartarrak dagoeneko sistemara ederki egokitu» direla.
Zehazten dute: «urteko aurreneko 7 hilabetetan hondakinen %13 gehiago jaso da, besteak beste %5 hazi delako herritar kopurua: gaur egun, 6497 astigartar gara».
Era berean, «jasotako kiloen igoerak eragina izan du gaikako bilketaren proportzioak igoera esanguratsua izatean».
Bulegoa irekita, aurten ere
Hori horrela, Udalak beste urtebeterako luzatuko du hondakinen bulegoaren arreta zerbitzua, udaletxeko beheko solairuan eskaintzen dena.
Udal gobernuaren ustez, «lan ona egin du sistema-aldaketaren laguntzan. Horri esker lortu da sistema berria gero eta eraginkorragoa izatea, herritarren beharretara egokitutakoa».
Ohi bezala, 08:00etatik 14:00etara bitarte egongo da irekita. Dena den, telefonoz, 943 335 069 zenbakian, edo emailez, hondakinak@astigarraga.eus helbidean, ere jarri daiteke bulegoarekin harremanetan.