Abiatu du ikasturte berria, Basque Culinary Centerreko sukaldaritza eskolak. Eta aurten unibertsitate ikasketak hasi dituen taldea, zortzigarren promozioa da, eskola estatu mailan aitzindari izan zenetik: Zientzia Gastronomikoen aurreneko fakultatea izan zen.
Orain, 400 ikasle inguru izaten dira urtero, graduko maila guztietan, BCCn ikasten dutenak: aurten, zehazki, 414 dira, 31 herrialde ezberdinetakoak. Eta hain justu, horixe du ikur eta bereizgarri, gradu honek: kultur aniztasuna. «Urtero elkarbizitzen dute ikasgeletan, bertako ikasleek, estatuko gainerako tokietakoek, eta baita munduko hamaika txokotatik etorritakoek ere; nagusiki, Europatik eta Latinoamerikatik. Horrek berezitasun haundia ematen die ikasketa gastronomikoei, eta esperientzia unibertsitario aberasgarria ikasleei, elkarbizitza horretatik», nabarmendu dute BCCtik.
Denetik egin eta arlo asko jorratzen dituzte, gainera: esaterako, irteera profesionalak egiten dituzte, sukaldaritzatik harago doazenak. Ikasgaiei dagokienez, berriz, lantzen dituzte sukaldaritzaren bangoardiarekin, elikagaien industriarekin, berrikuntzarekin, negozioarekin edota ekintzailetzarekin lotutako gaiak, unibertsitateko irakasle eta sukaldaritzako profesionalen eskutik.
Ikasketak bukatzen dituzten gehienak, lan-mundura
Horrela, urtero 100 profesional berri ateratzen dituzte merkatura, eta horietatik ia %100a lan-mundura sartzen da; «%70a, gainera, zuzendaritza postuetan edota tartekoetan, oraindik gazteak izan arren», diote.
Modeloaren eraginkortasuna nabarmendu du Joxe Mari Aizega zuzendariak: «beti pentsatu dugu, garrantzitsua dela konbinatzea heziketa kualifikatu bat, ikasketa prozesua sendotuko duten ezagutza teoriko batzuekin, eta ikasleak modu azkar eta malgu batean lan-mundura txertatzeko prestatuko dituen heziketa praktikoarekin. Datuek bermatzen dute gure modeloa, eta erakusten digute, gure graduatuen garapen profesionala eta betetzen dituzten postuen aniztasuna», dio Aizegak.
Multidisziplinatasun hori, metodologia praktikoarekin bateratzen dute graduan, hain zuzen ere. Aurreneko ikasturtetik egiten dituzte praktikak enpresetan; eta baita jatetxeetan edo gastronomiaren sektoreko enpresetan, nazionalak zein internazionalak. Izan ere, 25 herrialde baino gehiagotako jatetxe eta enpresekin egiten dute lan.
«Horrela, ikasitakoa, mundu errealarekin kontrastatzen dugu aldiro; ikasleari bere ibilbide profesionalean lagungarri izango zaion esperientzia bat».