Asteburu honetan saio bikoitza egin beharko dute 23 urtez azpiko txirrindulariek; gaur Altsasun, Euskaldun Txapelketako azken proba, 123 kilometrokoa, eta bihar Zaldibian, Lehendakari Txapelketako azkenaurreko proba, 110 kilometrotakoa.
Pasa den asteburuari dagokionez, Udazkeneko Kriteriumean, Portugaleko Nazioarteko Anadia 2020 Trofeoan eta Urdulizko txapelketan aritu dira lanean, txirrindulari astigartarrak.
Juniorrekin, Romero
Udazkeneko Kriteriuma izaten da juniorretako errepideko txirrindularien denboraldiko azken erronka, errenkadako bi proba eta erlojupeko batekin osatzen dena. Hurrengo urtean maila honetan egongo diren txirrindulari gazteagoek hartu ahal izaten duten parte bertan, eta horrela, 10 kadete horien artean izan zen Bazpi taldeko Jaime Romero astigartarra.
Maila aldaketa hori haundia izaten da adin horretan, eta ezin izan zuen lasterketa bukatu. Baina denboraldi berriari begira esperientzia hartzeko aukera paregabea izan zuen.
Bellota Gohierriko Xabier Isasa izan zen txapelduna.
Telmo Portugalen, Gipuzkoarekin
Bestalde, Telmo Semperena Portugalen izan zen Gipuzkoako Selekzioarekin, Nazioarteko Anadia 2020 Trofeoa jokatzen, Sanghalos belodromoan.
Taldekako lan polita egin zuten, eta horri esker, puntu proban hirugarren egin zuen Laguntasuna taldeko Beñat Felipek, eta aurrenekoa izan zen scratch-ean Ampoko Harritz Urra.
Urdulizen ezin, Urkok
Azkenik, 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak Urdulizen izan ziren; tartean, urko Semperena, Eibar Hiria Energia taldearekin. Baina 80garren kilometroan utzi zuen proba. Izan ere, 17 txirrindularik hartu zuten aurrea, eta erritmo bizi jarri zutenez, oso atzean geratu zen pelotoia, eta komisarioek erretiratzeko agin zioten.