Laugarren edizioa izango du aurtengoa Euskal Herriko Sagardo Lehiaketa Herrikoiak, lau finalaurreko eta finalarekin. Euskal Herriko hainbat herritan egingo dituzte eta finalaurreko bat, gainera, Goizuetan izango da gaur bertan.
Gaueko 21:00etan izanen da, Umore Ona Elkartean. Edonor izan daiteke epai-mahaikide, afaritarako txartela erosi besterik ez du: Sagardogileen Elkartean, 943 33 68 11 edo info@sagardoa.eus helbidean, edota Goizuetaren kasuan Amaia kafetegian, 26 euroan.
Menua erakargarria oso: basatxerri lontxeatua, entsalada, ajoarrieroa, xolomoburua, postrea (Idiazabal gazta sagar dultzearekin), kafea eta kopa.
Beste hiru finalaurrekoak Beasainen, Oñatin eta Urnietan antolatu dira eta finala, Usurbilen.
Guztira 41 sagardotegik hartuko dute parte txapelketan; hauetatik hamar Astigarragakoak eta sei Hernanikoak. Eta guztira 18 herri daude ordezkatuak.
Afariko jendea da epaimahia
Jendea afaltzen hasi orduko hasiko dira mahaira sagardoa ateratzen eta jendeak lote bakoitza puntuatu behar izango du 5-10 tartean, momentuan iruditzen zaionaren arabera. Ez da jakingo zein sagardotegietako sagardoa dastatzen ari diren mahaikideak. Finalaurreko bakoitzeko lehen bi puntuazio altuenak dituzten sagardotegiak automatikoki pasako dira finalera, eta gainontzeko sagardoak puntuazioaren arabera hurrenez hurren. Finalaren ondoren bakarrik jakingo da finalistak zein diren eta zein puntuazio lortu dituzten.
Hori bai afari kide-epaileek ez dute jakingo zein sagardotegitako sagardoa ari diren dastatzen eta bukaeran jakingo dira irabazleak (lote zenbakia) zeintzuk diren, bai finalaurrekoetan eta baita finalean ere. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak heldu dio berriz ohitura zahar honi.