ASTEBURU honetan hasiko da Gipuzkoako Txapelketa, denboraldiko lehenengo txapelketa ofiziala, nagusien mailan, CD Hernanik eskuz binaka bederatzi talderen izena eman du, hiru maila desberdinetan; hiru kadete, bi jubenil eta lau nagusi. Helburua ahalik eta talde gehien sailkatzea da Euskal Herriko Txapelketa jokatzeko aukera ematen duten postuetan. Eta txapela bat irabazi badaiteke hobe, nahiz eta hori zaila izan.
Bestetik, Hernaniko Jon Jara eta Unai Etxarri kadeteak azpitxapeldun geratu ziren Donostian, Trinitate Plazan, jokatutako Euskal Jaiak Torneoan.
Jara eta Etxarrik 18-8 irabazi zuten finalerdia Behar Zanako Aranburu anaien kontra. Finalean, berriz, ez zuten bere mailarik onena eman eta txapela Donostiako Olaizola eta Sorondok lortu zuten. 18-15 galdu zuten hernaniarrek. 15garren tantora arte Jara eta Etxarrik agindu zuten markagailuan, baina hortik aurrera amore eman behar izan zuten donostiarren joku onaren aurrean.
Palan ere Gipuzkoako martxan
Esku pelotan bakarrik ez, palan ere Gipuzkoako Txapelketa hasiko da. Lau partidu jokatuko dituzte Hernaniko palistek. Nesken bi partidu eta mutilen beste bi jokatuko dira, gaur eta bihar bitarte.