Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Leitzaldea, Urumealdea, Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko 44 eliza, 22 ermita, sei lur-eremu, hiru iratzeleku, bi zuhaizti, bi biltegi eta basilika bat bere izenean erregistratuak ditu Artzapezpikutzak, Hipoteka Legean oinarrituta.
1997tik 2007ra eskualdeko 80 ondasun inmatrikulatu (bere izenean jarri lehenengo aldiz) zituen Elizak. Goizueta eta Aranon bost dira inmatrikulatutako edo bere izenean Artzapezpikutzak paratu zituen ondasunak: San Roke ermita, San Martin parrokia, Santa Magdalena-San Lazaro ermita, San Anton ermita eta Jasokunde parrokia.
Legea Francoren denborakoa da, 1946koa, eta honek aitzinetik erregistratu gabeko ondasun higiezin baten jabe egiteko aukera eman zion Elizari, gurtzarako lekuak izan ezik. Espainiako Gobernuak 1998an aldatu egin zuen hori. Jose Maria Aznar presidente zela, dekretu batekin eliza, ermitak eta horrelakoak ere inmatrikulatzeko aukera jarri zuen.
2007an kasualitatez jakin zen Eliza inoren izenean ez zeuden ondasunak bere izenean erregistratzen ari zela, eta orduan sortu zen Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataforma, ondasunak herriarenak direla defendatzeko. Udalen aldetik ere mugimendua sortu zen eta Nafarroako Ondarearen Aldeko Udalen Batzordea lanean hasi zen.
2015ean Espainiako kongresuak Katastro eta Hipoteken Legea aldatu eta elizak inmatrikulatzeko pribilegioa sahistu zuen. Espainiako Gobernuak zerrenda publiko egin ez badu ere, plataformaren arabera, 1997tik 2007ra 80 ondasun inmatrikulatu ditu Artzapezpikutzak eskualdean.
ARTZAPEZPIKUTZAK BERE IZENEAN PARATU DITUEN ONDASUNAK
Arano: San Roke ermita 1999 geroztik eta San Martin parrokia 2004 geroztik.
Goizueta: Magdalena-Lazaro ermita
1999 geroztik, San Anton ermita
1999 geroztik eta
Jasokunde parrokia 2004 geroztik