Hernaniko mutilen talde nagusiak, gaur 12:00etan, Zubipen, jokatuko du denboraldiko bigarren partidua. Zelaira bigarren garaipenaren bila irtengo dira Bergararen aurka. Lehenengo jardunaldian 0-2 irabazi zuten Hondartzan eta zaleen aurrean estreinekoz ariko dira.
Bergarak berdindu egin zuen etxean, 0-0, Mondragonen kontrako derbian, eta Ohorezko Erregionaleko talde sendoenetakoa izan ohi da normalean. Hernaniarrek irabaziz gero hasiera ezin hobea emango diote denboraldiari.
Neskek ere asteburuan jokatuko dute Euskal Ligako bigarren jardunaldia. Hori bai, bihar izango da hori, 17:00etan, Zubipen Pauldarrak-en kontra. Lutxanako taldea ez da nolanahikoa. Lehendabiziko partiduan 8-0 irabazi zuen eta lehenengo postuan jarri dira. Hernanik Oiartzunen, Lekuonan, bana berdindu zuen eta orain zaleen aurrean garaipen haundia izango litzatekeena lortu nahi dute. ez da erraza izango, baina aurtengo denboraldian esperantza haundiak ditu Hernanik.
Jubenil mutilek gaur, 16:00etan, Durangon
Hirugarren talde esanguratsuena jubenilena da. Hauek ez dute etxean jokatuko eta gaur Durangoko Tabiran ariko dira, 16:00etatik aurrera, Culturalen kontra. Denboraldia oso ongi hasi zuten Tolosari 3-0 irabazita.