Azken tailerrak, Astigarragari buruzko mahai-jolasa sortzeko

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 15a, 02:00

Mahai-jolas baten itxura har­tzen ari da Auka Jokoa, baina azken xehetasunak erabakitzeko bi tailer geratzen dira: gaur, 17:30etan elebietan kultur etxean egingo dena, eta datorren asteartean, baita ere, 17:30etan elebietan toki berean egingo dena. Herritarrei parte hartzeko deia luzatu die Udalak. 

Turismo jasangarria eta ondare kulturala, helburu
Azken tailerretan parte hartzeko deialdia egin zuen Udalak asteazkeneko pren­tsaurrekoan, aurrenekoak uda­ra aurretik jarri baitziren martxan. 

Zorione Etxezarraga alkateak azaldu zuen jolas hau sor–tzeko arrazoiak zeintzuk izan ziren. Batetik, Astigarragaren haz­kundea. «Jende asko etorri da, batez ere inguruko herrietatik eta umeekin, herrian bizi eta herria gozatzeko gogoz. Asti­ga­rra­gak beti lurrari lotutako izaera izan du, eta hazkundearekin galdu egin daiteke. Hel­burua da herriaren izaera eta sustraiak berreskuratzea jolasarekin, modu ludiko batean». 
Beste arrazoia, turismoa izan da. «Donostiaren eraginez eta Sagardoaren Lurral­deari esker, turismoa igo egin da, baina honekin, turismo jasangarria bultzatu nahi du­gu». Azken batean, «guk gure his­toria ezagutzen badugu, arazo asko konpontzen dira, eta errespetua ere sustatzen da, adibidez, sagardo denboraldi­an», gehitu zuen Urkiri Sa­la­be­rria, kultura zinegotziak.

Auka Jokorako galderak, herritarrekin osatuak
Hain zuzen, Urkiri Salaberria  ondare inmaterialean doktore ere bada, eta berak zuzendu ditu orain arteko tailerrak. «Badirudi Astigarragan dena dela sagarra eta baserria. Baina baliabide historiko asko daude, eta baita harrizkoak ere. Dauzkagun aberastasunak ez ditugu ezagutzen». Horien artean aipatu zituen adibidez, Ergobiako zubiak 500 urte egin dituela, Murgiako jaunak herrian izandako pisua, zentral termikoa izan zela, aztarnategi bat badagoela...

Datu horiek ateratzeko ikerketa eta datu bibliografikoak erabiltzeaz gain, azpimarratu zuen herritarren ahotik jaso dela jakintza, eta hori dela helburua, azken tailerretan ere. «Datu objektiboekin osatu dira galderak, interpretazio eta ikuspegi-partzialak saihesteko, eta jokoa etorkizunean ere erabilgarri izan dadin». Eta hori guztia herritar guztiengana modu dibertigarrian zabaltzeko, Auka Jokoa sortzen ari dira, eltaller enpresaren laguntzarekin.


Oka-jokoa eta Triviala, bat
Auka Jokoa «Oka-jokoa, Trivia­la eta Monopolyaren nahasketa modukoa» izango dela azaldu zuten, hain zuzen, eltaller enpresako arduradunek; sei gaitan banatutako galderak prestatu dituzte herritarrek emandako datuekin, eta dadoak joko tablara bota eta egoki­tzen dena erantzunez jo­lastuko da. Azken tailer hauetan, galdera sorta horiek osatu eta tablaren diseinua zehaztu nahi dira.

Gau-hontza, herriko irudi
Jolasaren irudirako gau-hon­tza proposatu da. «Adineko batzuek ezagutzen dituzte Murgiako jauregiaren inguruan ibiltzen diren bi gau-hontz txuri».

Baina hori ere azken tailerretan adostuko da. Gero, helburua da urtero galdera sortak berritzea, herritarrekin. 
Urtea bukatzerako izan nahi dute jolasa kalean, eta orduan jakinaraziko dute nola lortu ahal izango den. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!