Euskal Herriko kultura-ondarearen argazki onenari saria, Azkue Fundazioak

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 14a, 13:28

Wikipediako artikuluak argazkiekin aberasteko asmoz, 2012az geroztik mundu osoan egiten da Wiki Loves Monuments argazki lehiaketa, eta Azkue Fundazioak Euskal Herriko sariak eskaintzen ditu, euskarazko Wikipediarako argazkiak ateratzen dituztenentzako. Zehazki, Gizateriaren Ondareari buruzko artikuluak hobetu nahi dira.

Hain zuzen, Arabako, Bizkaiako, Gipuzkoako, Lapurdiko, Nafarroa Beherako, Nafarroako eta Zuberoako irudiekin hartu daiteke parte Azkueren Euskal Herriko ondare-lehiaketan, irailaren 1etik 30era bitartean. Partaide bakoitzak, nahi adina argazki igo ditzake eta edozein momentutan ateratakoak onartzen dira.

Lan horien artean, hiru aukeratu eta ondorengo sariak emango ditu Azkue Fundazioak:

- Euskal Herriko argazkirik onenari: Parrot Mambo Fly dronea.
- Bizkaiko argazkirik onenari: Hero Session waterproof Go-proa.
- Bilboko argazkirik onenari: Telefonoarekin argazki eta bideoak egiteko produktu sorta.

Nazioarteko lehiaketa ere bai

Azkue Fundazioak euskarazko Wikipediarako argazkiak sarituko baditu ere, nazioarteko lehiaketa ere martxan dago. Kasu honetan, argazkiak Euskal Herrikoak zein lehiaketan parte hartzen duten beste edozein herrialdetakoak izan daitezke, eta beste hamahiru sari izango dira.

Iaz 722 argazki jaso ziren Wiki Loves Monuments lehiaketan.

Informazio gehiago, hemen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!