Hondarribiako alardean, joan den larunbatean, sortu zen zalapartaren harira, adierazpena egin du Hekimenek ere, Euskal Hedabideen Elkarteak. Eta salatu nahi izan du, «alardearen berri ematen ari zirela, hainbat kazetarik jasandako erasoak». Eta, era berean, bere «elkartasun eta babes osoa» adierazi nahi izan die, beraien lana egiten ari zirela, erasotu zituzten kazetari horiei.
Hekimenek azpimarratu du, «onartezinak» direla, alardean «hainbat hedabidetako langileek pairatu behar izan zituzten oztopo eta erasoak: bultzadak, irainak, lanerako tresnak kentzeko saiakerak... Eraso horiekin, kazetari horiei ez ezik, herritar orok informaziorako eta adierazpen askatasunerako dituen eskubideei ere eraso egiten zaie».
«Informazioa euskeraz jasotzeko eskubidea ere erasotu zuten, larunbatean»
Gainera, nabarmendu dutenez, «erasoa jaso zuten hainbat kazetari, euskerazko hedabideetan jarduten dutenak izanda, informazioa euskeraz jasotzeko eskubidea ere erasotu zuten, larunbatean», salatu du Hekimenek, «euskeraz diharduten hedabideen elkartea garen aldetik».
Erakunde publikoei eskatu die, neurriak hartu ditzatela.
«Oso larria da, ertzainek neurririk ez hartu izana, kazetariak babesteko»
Era berean, Hekimenek kritikatu du, «oso larria» iruditzen zaiola, «erasoak une horretan ordena publikoaren ardura bere gain zuten ertzainen aurrean gertatu ziren arren, haiek inolako neurririk ez hartu izana, kazetariak babesteko edota erasotzaileak geldiarazteko». Horregatik, erakunde publikoei eskatu die, hartu beharreko neurriak hartu ditzatela, «berriro horrelakorik gertatu ez dadin, eta kazetariek beren lana berme guztiekin egiteko aukera izan dezaten».