Ikasturte berriari hasiera eman dio, Hernaniko Udal Euskaltegiak ere. Eta lehenik, zoriondu nahi izan ditu, «joan den ikasturtean A1, A2 eta B1 mailako titulua akreditatu eta B2 eta C1eko titulua lortu zuten gure ikasle guztiak».
Ikasturte berriari dagokionez, jakinarazi dute aukera izango dela, joan den kurtsoan bezala, HABEren A1, A2 eta B1 tituluak euskaltegian bertan lortzeko: «prest daukagu esperientzia haundiko eta formazio oparoko irakasle-taldea, ikasleon beharrei ahalik eta txukunen erantzun eta helburuak lortzen laguntzeko», nabarmendu dute.
Taldeak osatzen, eta matrikula epea zabalik
Hori horrela, gogorarazi dute orain dela matrikula egiteko garaia. Epea zabalik dago oraindik, eta taldeak osatzen ari dira. «Denontzako moduko aukerak daude: astean bi eguneko modulua, lau egunekoa, eta autoikaskuntza ere bai, online eginez eta astean behin euskaltegira etorrita», azaldu dute. Ordutegia ere, aukeran dute ikasleek: goizean, arratsaldean edo iluntzean, «ikaslearentzat egokiena den orduan. Titulua lortzeko, edo euskera txukundu eta aberasteko, edo eutsi eta hobetzeko; ikaslearen neurri-neurrikoa», diote Udal Euskaltegitik.
Gainera, azaldu dute «dirulaguntza haundiak» dauzkatela: «%90ekoarekin, bi eguneko ikastaroa 23 euroan, eta lau egunekoa 47 euroan. Zatoz eta galdetu euskaltegian!».
Horretarako, eta matrikula egiteko, Karobieta auzoko 63 zenbakira jo behar da, anbulatorio zaharrera alegia. Goizeko 09:30etatik 13:30etara, eta arratsaldeko 16:30etatik 19:30etara daude bertan. Bestela, telefonoz deitu (943 33 18 96) edota euskaltegi@hernani.eus emailera idatzi daiteke.
Ikasleek aukeran dute astean bi edo lau egunetan joan nahi duten euskaltegira, eta zein ordutegitan. Autoikaskuntza ere, aukeran.
Kafe tertulia, asteburuko barnetegiak, tailerrak...
Ikastaroez gain, bestelako ekintzak antolatuko ditu Udal Euskaltegiak, aurten ere, ikasitakoa praktikan jartzeko: asteburuko barnetegiak, tailerrak, hitzaldiak... Baita izena eman ez dutenek ere. Gainera, kafe tertulia jarriko dute martxan urrian, beste ikasturte batez.