Bukatu dira prestaketak. Etzi hasiko du liga, igandearekin, Hernaniko Ohorezko Mailako taldeak. Errugbiko maila gorenean egingo du 2018-2019 denboraldia ere, eta Bartzelonaren zelaian estreinatuko da; 12:30etan, La Foixardan.
Baina azkeneko urteetan ohitura bihurtu den bezala, txapelketari ekin aurretik, zaleen aurrera ekarriko dute taldea. Tilosetan egingo dute taldearen eta ekipazio berriaren aurkezpena, gaur, arratsaldeko 19:30etan hasita. «Polita da ikustea, gaztetxoei ilusioa egiten diela. Garai batean ez ziren ikusten haurrak kaletik errugbiko baloia hartuta, orain bezala. Horrek poza ematen du», dio Beñat Iradi kapitainak.
Gaztetxoen ilusioarekin eta herritarren animoekin, indarrak hartuta joango dira trikoloreak Bartzelonara, liga ondo hasteko asmoz. Izan ere, oso garrantzitsua da, ligari ondo ekitea; Hernaniren kasuan, mailari eusteko borroka horretan pausoak hasieratik emateko: «konpletoago dago taldea, postu bakoitzeko jokalari gehiagorekin; eta horrek indartsuago egiten gaitu», nabarmendu du Iradik, Kronikari eskainitako elkarrizketan; bihar argitaratuko da Urumeako Kronikan, osorik. Jokalarien zerrenda ere, biharko Kronikan ikusgai.