Garai bateko tradizioei eutsiz, Euskal Jaiak ospatuko dira asteburu honetan, Hernanin. Baserritar jantziak jantzita, kalera ateratzeko deia egin dute Udalak eta herriko hainbat eragilek.
Horretarako, ekintzaz betetako egitaraua osatu dute. Bihar estreinatuko dute, Euskara Ari Duk antolatutako antzerkiarekin. Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraien eskutik, Bakean dagoena, bakean utzi emanaldiarekin gozatu ahal izango dute hernaniarrek. Arratsaldeko 20:30etan izango da Biterin, eta sarrera doakoa izango da.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Mikel Urdangarin, etzi
Musikak hartuko du herria etzi, ostiralez. Arratsaldean, gaztetxoenen txanda izango da; Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanaldia eskainiko baitute 18:00etan, Atsegindegin. Sarrerak oraindik salgai daude Ikusi-Makusin eta Leokadistin.
Gauez, aldiz, helduenei eskainitako saioa eskainiko du Mikel Urdangarinek; gaueko 22:30etan izango da, Biterin. Harreran eskuratu daitezke sarrerak, aurretik.
Egun haundiena, larunbata
Larunbata izango da egun haundiena, ekintza gehien batuko direna. Besteak beste izango dira: abeltzaintza azoka, talo-dastaketa, tailerrak, erromeria...
Asteburua borobiltzeko, igandean sagardo-dastaketa, trikitixa txapelketa, dantza txapelketa eta Tio Teronen Semeaken emanaldia izango dira.