Maiatza bukaeran jakinarazi zuen Udalak, Ergobia plaza oinezkoentzako egokitzeko asmoa zeukala. Ergobiako Hirigintza Planaren aurreneko fasea jarri zuen orduan martxan, eta bigarrena hasiko da orain. Plan horren berri emango du bihar, astigartarrei irekitako bileran, 18:30etan udaletxean.
Babes ofizialeko etxeetarako eta tasatuetarako, partzela berria
Udara aurretik, plazan lur pribatuak dituztenekin elkarrizketak izan zituen Udalak, Ergobiako plaza oinezkoentzako ere egiteko asmoz.
Udara pasata, berriz, bigarren fasea martxan jarriko zuela adierazi zuen, eta auzotarrekin bilduko zela. Hain zuzen, biharko bileran AIU 09 Ergobia Ibilbidea eremuaren hirigintza ordenazioaren berri emango die bilerara gerturatzen diren bizilagunei. Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorrari (HAPO) dagokio ordenazio hori, eta horren arabera, eremu horretan partzela berri bat prestatuko da. Horri esker, babes ofizialeko etxeak eta etxebizitza tasatuak eraiki ahal izango direla aurreratu du Udalak.
Herritarrei bileran parte hartzeko deia luzatu die.