Duela urte batzuk berreskuratu zirenetik, iraileko hirugarren asteburuan izan ohi dira Hernaniko Euskal Jaiak. Aurten ere, halaxe izango da, beraz, euskal erritmo, jaki eta giroaz beteko da herria asteburu honetan, bereziki, larunbatean.
Herria girotzeko lan horretan, garrantzia berezia izango du Musika Bandaren emanaldiak, arrazoi ezberdinengatik. Hasteko, Jorge Pacheco zuzendari berriaren aurreneko ikasturtea izango da hau, bere anai Robertok San Joanetan lekukoa pasa zionetik. Eta bestetik, aurpegi berriekin eskainiko dutelako ikasturteko aurreneko kontzertua; herriko hainbat gazte batuko zaizkie oraingo honetan, urte osoan zehar beraiekin aritzeko asmoarekin.
Larunbatean eskainiko dute kontzertua, arratsaldeko 19:45etan hasita, udaletxeko arkupeetan.
Hamaika gazte gonbidatu, etorkizunera begira
Esan bezala, hamaika izango dira Musika Bandarekin ikasturte osoan zehar lanean arituko diren hernaniar gazteak: Nerea Goñi flautarekin; Bittor Carrera oboearekin; Malen Morcillo klarinetearekin; Ander Loyarte, Beñat Alvarez eta Iñigo Montero saxofoiarekin; Aitor Sesma eta Joxe Ramon Berrondo, tronpetarekin; Iker Lizaso, tronparekin; Joseba Korta, bonbardinoarekin; eta Iker Lizarza, tronboiarekin.
Modu honetara, Hernaniko Musika Bandak azaldutakoaren arabera, «Musika Bandak era lasai batean ekin nahi dio musikaren berritze-prozesuari». Era berean, «ikasle hauei aukera paregabea emango die bere formakuntzan sakontzeko».
Hala, dagoeneko 158 badituen Banda, etorkizunera begira jarri, eta beste hainbeste betetzeko ahaleginak egingo ditu, «musikari beteranoen esperientziaz baliaturik eta gazteak beraiek dakarkiten gogoarekin eta ilusioarekin frexkatuz», onartu dute.
Festetako doinuak, entzungai
Eta hain zuzen, larunbateko zita baliatuko dute elkarlan honen aurkezpen gisa.
Ikasturteko aurreneko kontzertu honetan, Euskal Herriko festetan garrantzia nabarmena daukaten edota izan duten doinuekin gozatuko dituzte bertaratuen belarriak.
Irungo doinuekin hasiko dute saioa, eta Hernanikoekin, aldiz, bukatu. Tartean, Iruñeako erritmoak nagusituko dira, Bilboko, Donostiako, Gasteizko... beste batzuekin batera.
Eszenatokian, ordea, ez dira bakarrik egongo. Beste hainbatetan bezalaxe, gonbidatuak ere izango dira. Oraingo honetan, Bittor Carrera eta Malen Morcillo izango dira. Biek Lizarrako Vals con Variaciones piezan hartuko dute parte, bakarlari moduan.
Santa Zezilian, hurrena
Hurrengo zitarako Santa Zezilia egunera arte itxaron beharko da. Egun horren bueltan kontzertu «berezia» eskainiko baitute, arduradunen hitzetan, «ikusgarria eta berritzailea» izango dena.
EGITARAUA
- Diana De Villarobledo. Irun.
- La Dominguera. Iruñea.
- Dianas de San Fermin. Iruñea.
- Riau-riau. Iruñea.
- El Centenario. Errenteria.
- Celedon. Gasteiz.
- Peña Mutilzarra. Falces.
- Las Siete Calles. Bilbao.
- Polka. Donostia.
- Galtzaundi. Tolosa.
- Vals con variaciones. Lizarra. Bakarlari moduan: Bittor Carrera eta Malen Morcillo.
- Bis. Hernani.
- Mendirik Mendi.