Igande honetan hasiko dute Hernani Errugbi Elkarteko mutilek Ohorezko Mailako 2018-2019 Heineken Liga. Bartzelonan izango dute aurreneko norgehiagoka, hain justu, Barçaren kontra; eguerdiko 12:30etan izango da, La Teixonera zelaian.
Kanpoan izango dute aurreneko zita, zaletuen babes gutxiagorekin. Hori horrela, aurreneko indarrak hartzeko oso garrantzitsua izango dute aurten taldearen aurkezpen ofiziala; ostiralean izango da, arratsaldeko 19:30etan, Tilosetan. Zalegoaren berotasunean, herritarren aurrean emango dute ezagutzera taldea.
Taldearen berrikuntzak neurtzeko aukera
Aurredenboraldi ona eginda zelairatuko dira igandean Patrick Polidoriren mutilak. Aurreko urteko ibilbidea kontuan hartuz gero, Hernanirentzat ez da partidu erraza izango, kataluniarrek iaz oso denboraldi ona egin baitzuten. Dena den, arerio zailagoak badaude, eta punturen bat etxeratzeko moduan egon daiteke Hernani.
Horri guztiari beste kontu bat ere gehitu behar zaio: aurreneko partiduaren inkognita puntua. Izan ere, taldeak aurreko urtearekin konparatuta, aldaketak eginda hasi ohi dute denboraldia.
Hernaniren kasuan, fitxaje berriak izan dira, eta badirudi horiek taldearen maila igotzeko aukera izango dutela.
Bestalde, dirudienez Igor Genua ere baja izan daiteke, udaran zehar egin dioten ebakuntzagatik.
Bi faktore horiek nola eragingo dute ikusteke dago, beraz. Horretarako, igandera arte itxaron beharko da!