Kostatzen ari zitzaiola, ez zela Urriza onena, zalantzak zituela... Bazirudien inoiz baino aukera gehiago izan zitzakeela Xanti Utergak, Iruñako txapelduna menderatu eta Buruz Buruko txapela janzteko. Baina kantxak, Galarretako frontoiak, besterik esan zuen atzo: Javier Urriza da erremontista onena, eta finalak dira bere joko-zelai gustukoena.
Txapelketa honetako partidurik onena jokatu zuen Urrizak finalean, eta nagusi izan zen, doneztebarraren aurrean (30-15). Dena egin zuen ondo, eta Utergaren gainetik pasa zen: «sakearekin min haundia egin diot, eta horri esker, iniziatiba eraman dut gehienetan», zioen Urrizak. Izan ere, bederatzi tanto egin zituen sakez, eta 26 guztira.
Lortutakoarekin oso pozik azaldu zen Iruñako erremontista: «oso zoriontsu nago, sinestezina da sei txapela lortu izana. Aurten, gainera, bereziki pozik nago, asko kosta zaidalako, eta zalantza asko izan ditudalako nire buruarengan», onartu zuen Urrizak.
Ez zen gaizki aritu Uterga ere, baina Urrizaren nagusitasunak aukerarik gabe utzi zuen doneztebarra. Sakearekin ere ez zuen sobera asmatu, eta errematatzeko aukera izan zuenean, ez zuen beti asmatu: «nahi eta ezin izan da, partidutik kanpo ibili naiz. Pena haundiena izan da, nire maila ez ematea finalean».
Markagailuan aldea, azkar
Aurreneko tantoetan izan zen berdintasua, eta 3-3 ere egon ziren markagailuan; baina hortik aurrera, berehala hartu zuen bost tantotik gorako aldea Urrizak, eta gero eta haundiagoa izan zen zuloa.