Traineru hernaniarrik ez, baina bada herriko arraunlaririk, Kontxako Banderaren lehian; eta gaur izango dute jardunaldi erabakigarria, bigarren igandekoa hain justu. Goizeko 11:00etan hasiko da emakumezkoen estropada, eta eguerdiko 12:00etan, gizonezkoena.
Aurreneko igandeko emaitzak ikusita, lehia bizia izango da, batean zein bestean, bandera irabazteko; eta lehia horretan, bete-betean sartuta dago hernaniar bat: San Juanekin ariko da Alazne Egizabal, eta aurreneko postuan daude Batelerak, Riveirarekiko sei segunduren aldearekin. Ohorezko txandan ariko dira, bigarrenean alegia; eta aurrenekoan, beste hernaniar bat ariko da, Uxue Alberdi, Donostiarrarekin. Seigarren daude oraingoz, 25 segundu galduta.
Gizonezkoetan ere, Donostiarrarekin ariko dira, Kontxarako txartela lortu zuten hernaniarrak: Aitor Iraola, Xabat Pastor, Ivan Lopez eta Jon Iruretagoiena. Seigarren daude, 32 segundu galduta. Garaipenaren lehian, berriz, Zierbena eta Hondarribia ariko dira, segundu bakarreko aldearekin, Urdaibaik zigorra jaso ondoren.
Giza katea hondartzan, erraustegiaren kontra
Estropadak jokatu bitartean, 11:30etan, erraustegiaren kontrako giza katea deitu du Kontxako hondartzan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.