Uterga, Urrizaren bolada onarekin bukatzeko punttuan

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 8a, 02:00

Galarretan jaialdi berezia izango da gaurkoan: Buruz Buruko Kutxabank erremonte txapelketako finala jokatuko dute Urrizak eta Utergak. Arratsaldeko 16:00etan hasita, bigarren partidua izango da.

Uterga, irabazteko punttu-punttuan
Ez da bi erremontista hauek final honetan aurrez aurre ariko diren aurreneko aldia. 2015 eta 2017ko finaletan ere, elkarren kontra aritu ziren. Baina orduko haietan, Urriza izan zen txapeldun. Guztira, bost txapela irabazi ditu iruñearrak.
Baina aurtengoan gehiago kos­ta zaio Urrizari finalean sar­tzea. Ohi baino gehiago sufritu du, eta finalerdia ere jokatu be­har izan du, finalean sartzeko.

Uterga, berriz, sekula baino indartsuago ari da, eta finalean sartzea zuzen-zuzenean lortu du, ligaxkako partidu guztiak irabazita.
Dena den, Urriza da oraindik ere faborito. Izan ere, azken hiru txapelak (2015, 2016 eta 2017) berak jantzi ditu, eta baita 2012 eta 2013koak ere. Baina Uterga punttu-punttuan iritsi da finalera, eta iruñearraren bolada onarekin bukatzeko prest dago.

Biziagoak, Urrizaren pelotak
Finalerako materiala ostegunean aukeratu zuten bi erremontistek. 
Aukeraketa egiten aurrenekoa Urriza izan zen. 128, 129 eta 130 gramotako pelota aukeratu zituen, 15 minutu pasatxon.
Atzetik Utergak egin zuen aukeraketa. Pisu bereko peloten alde egin zuen, baina nahiago izan ditu aurkariarenak baino makalxeagoak, «ore­katzeko». Izan ere, partiduan, «agian batak bestearen pelotekin jokatuko» dutela azpimarratu zuen doneztebearrak.
Biak geratu ziren gustora, eta gaur ikusiko da nork asmatu duen ondoen. Urrizak «pixkanaka hobetu» egin duela azpimarratu zuen, eta «finalera onenean» iritsi dela, beste txapela bat irabazteko «ilusioarekin». Utergak, berriz, «arriskatu» egingo duela aitortu zuen; «hori da nire jokoa». Zaila izan arren, «indartsu eta konfiantzarekin» iritsi da, txapelagatik borrokatzeko.

Barrenetxea, ondoren
Finalaren aurretik eta ondoren, ohiko partiduak ere jokatuko dira gaur Galarretan. Barrenetxea IV hernaniarrak hirugarrenean jokatuko du Ezkurra IIrekin, Ezkurra eta Ionen kontra. Asteartean irabazi egin zuen Ansa IIrekin, 40 eta 27, Zeberio II eta Endikaren kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!