Aurreko asteazkenetik, dagoeneko martxan da Kizkia Taldeak urtero antolatzen duen Sagardo Txapelketa. Aurrenekoa eginda, bi sailkatze-saio geratzen dira aurretik, hurrengo bi asteazkenetan, hilaren 12an eta 19an egingo direnak. Gure Izarra elkartean izaten da; bertan egingo dute, baita ere, finala hilaren 26an.
Sei finalista
Hogei sagardotegik hartuko dute parte asteazkenean hasi zuten hemeretzigarren edizioan: Hernanitik Akarregi, Itxasburu, Larre-Gain, Otsua-Enea; Aiatik Izeta eta Satxota; Asteasutik Sarasola; Zeraindik Oiharte; Adunatik Zabala eta Aburuza; Donostiatik Astiazaran; Aginagatik Urdaira; Astigarragatik Rezola, Petritegi, Oiarbide, Larrarte eta Alorrenea; Oiartzundik Baleio; eta Urnietatik Elutxeta eta Eula.
Aurreneko hiru sailkapen-saioetatik sei finalista pasako dira hilaren 26ko finalera, eta horien artean aukeratuko dute irabazlea.
Aurten ere, kopan
Iazko nobedadeari emango diote segida aurten ere; edalontzian beharrean, kopan egingo dute dastaketa. Kizkia Taldearen iritziz, «bai basoaren balorazioa, bai usainarena eta baita gustuarena ere, egokiagoa da kopan».