Txakurren jabeekin hainbat liskar izan dira azkenaldian herrian. Horregatik, prentsa-oharra helarazi du Udalak. Bertan, txakurrak dituzten herritarrei ondokoa gogorarazi nahi diete: «abereak eduki eta babesteko udal ordenantza bete behar dutela».
Oharrean azaltzen dute: «ordenantzak dioenez, txakurrak lotuta eraman behar dira herri mailan eta jabeen ardura da bere animalien kakak jasotzea, herria garbi mantentzeko».
Udaltzaingoak, ohartarazpenak
Udalak azaldu du aspaldi honetan ordenantza bete ez dutenei ohartarazi diela Udaltzaingoak, baina orain pausu bat aurrera egin dute: «ikusita liskarrek eta kexek jarraitzen zutela, isunak jartzen hasi dira txakurrak aske daramazkiten herritarrei».
Abereak edukitzeko udal ordenantza betetzearen garrantzia azpimarratu du Udalak, horren aurrean: «ordenantza betetzeak gure herria garbi mantentzen eta bizikidetza hobetzen lagunduko du».
Hiru txakur-parke, herrian zehar
Aurreko ikasturtean aldatutako ordenantzak jasotzen duen arabera, «debekatuta dago txakurrak aske uztea bereziki abereentzat prestatuta ez dauden lekuetan».
Hain justu, hiru txakur-parke daude momentu honetan herrian; bertan aske utzi daitezke. Ergobian, Arrobitxulon eta Donostia ibilbideko errotondan daude. Horrez gain, Mundarro plazan, Pagoaga bidean eta Murgia parkean ere aske utzi daitezke, bertan zehaztutako ordutegian: udaran, 21:00etatik 09:00etara; eta neguan, 19:00etatik 10:00etara.
Txakur eremu gehiago, aztertzen
Udalak dio herrian gero eta haundiagoa dela txakur kopurua, eta hori ikusita, txakur-gune gehiago egitea aztertzen ari da. Urumea Berriko auzoan laster inauguratuko den ibai-parkean, beste bat eraikitzea da proposamena.
Gainera, Kontxa Etxeberria plazako astigartar batzuk Udalera jo dute txakur-parke gehiago eskatzeko. Hori horrela, diote: «udal gobernuak lan egingo du bizilagunen eskaera betetzeko».