Karrera garrantzitsua izaten da, normalean, udara bukaerako Premundiala. Aurten, aurrenekoz parte hartu du Telmo Semperena astigartarrak, eta lan ona eginda egin zuen buelta, etxera. 99 txirrindulari iritsi ziren helmugara, eta 59garren izan zen astigartarra. Bertan izan ziren Estatuko txirrindulari onenak.
122 kilometroko ibilbidea
Denera 122 kilometroko ibilbidea egin zuten larunbatean txirrindulari juniorrek Beasainen; 197k hasi zuen karrera, 39 taldetan banatuta, horietatik erdia baino gutxiagok bukatu zuten (99).
Hasiera azkarra izan zen, eta aurreneko portua igota, bi txirrindularik aurrea hartu zieten beste guztiei: 37 kilometroan ihesaldia egin zuten Intersport-Irabiako Josu Etxeberriak eta Lizarteko Mikel Retegik. Tropelari bi minutuko aldea ateratzea lortu zuten.
86garren kilometroan aurre egin behar izan zioten bigarren portuari, orduan, 1,45 minutuko abantailarekin. Etxeberria aurreratu zitzaion Retegiri; era berean, pelotoia distantzia txikitzen hasi zen.
Hirugarren portuan 30 segunduko aldea zegoen jada beraien artean; hala, Olaberriako azkeneko portuaren aurretik, Etxeberria harrapatzea lortu zuten.
Azkenean, zazpigarren egin zuen Josu Etxeberriak, beste hiruk lortu baitzuten aurretik helmugaratzea. Azken springari esker, Gastronomia Vascako Ion Barrenetxea izan zen aurrenekoa; Aseguras Pro Duqueko Ivan Cobo bigarren; eta Polartec Kometako Carlos Rodriguez iritsi zen hirugarren postuan.
Bitartean, lan ederra egin zuen Telmo Semperenak, nahiz eta metro batzuk galdu zituen bigarren portua igotzerakoan; 59garren izan zen.
Ibarrako txapelketan 18garren izan zen Telmo Semperena igandean.
Eguneko ihesaldian, Ibarran
Ederki ibili zen, hurrengo egunean, Ibarran. Eguneko ihesaldian sartzeagatik protagonistetako bat bilakatu zen, beste 10 txirrindularirekin batera. Bertan, Amezketara bidean, bi minutuko aldea atera zioten tropelari. Altzoko gainera iristerako aldea mantentzea lortu zuten, baina gutxika txikitzen joan zen.
Bigarren portura iritsi baino lehen Limousineko Iñaki Muruak, Ulmako Julen Oterok eta Loiumateko Iñigo Colinak erasoa jo zuten. Semperena bera eta beste batzuk atzean geratu, eta tropeleko aurrenekoek pasa zieten.
Portura iritsita, 20 segundoko abantaila zuten aurreneko hirurek; Iñaki Muruak erasoa jo zuen azkenekoz garaile bilakatu arte.
Ondoren, 18garren iritsi zen, oraingo honetan, Telmo Semperena.
Portugalera, asteburu honetan
Asteburuan bukatuko da errepideko denboraldia, baina bertan ez da Telmo Semperena izango; Portugalgo Anadia herriko belodromoan izango da pistako Selekzioarekin.