Kontxako Banderako estropadetan bigarrengoan, bihar jarri du zita Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, «eraikitzen ari diren erraustegia gelditzeko» eta «hondakin birziklapen sistema eraginkorra Gipuzkoa osora zabaltzeko» eskatzeko.
Giza-katea egingo da horretarako, eta 11:30etan jarri dute zita, Kontxako hondartzako aurreneko arrapalan.
Hainbat arrazoi
Ohi bezala, erraustegiaren kontra zergatik dauden ere azaldu zuten asteartean egindako agerraldian, beste behin. Besteak beste, «badagoelako alternatiba merkeago eta osasuntsuagoa, pertsonen osasunerako larriki kaltegarria izan daitekeelako, aldaketa klimatikoa sortzen duten gasen igorle nagusia izango delako eta eraikuntza eta funtzionamendua oso garestiak direlako».
Horrez gain, gogorarazi zuten «ez dela beharrezkoa». Izan ere, «2017an Gipuzkoan 150.000 tona errefus sortu» zirela azaldu zuten, eta «erraustegia urtean 200.000 tona zabor erretzeko diseinatua» dagoela. Era berean, azpimarratzen dute «agintariek beraiek diotenez, joera gero eta gehiago birzkilatzearena» dela eta, «2020-2022an %70era helduko garela esan» dutela. Hortaz, galdetzen dute «urtean 70.000 tona baino gutxiago sortuko» direnean, «nondik osatuko ditu Urbaser enpresa txinatarrak 200.000 tonako labeak betetzeko faltako zaizkion bi herenak?».
Babes zabala
Biharko deialdiari atxikimendua adierazi diote hainbat eragilek. Besteak beste, ELA, LAB, ESK, CCOO, EHNE, STEILAS, Alternatiba, Bildu, Ezker Anitza-IU, Irabazi, Podemos, Sortu eta Eguzkik».