Duela hilabete batzuk aurreratu zuten bezala, AP8-ko Garraio Zentro Integrala errealitate bihurtzeko lanean aritu da Gipuzkoako Foru Aldundia; aurreko astean egin zuten proiektuaren aurkezpen ofiziala Markel Olano Diputatu Nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. Plataformetako bat Astigarragako lurretan eraikiko da.
«Azpiegitura berri horrekin, gure helburu nagusia da zerbitzua ematea autobidea erabiltzen duten garraiolariei; izan ere, zerbitzu on bat eman nahi dugu, kamioilariek atseden har dezaten, segurtasun pertsonala eta ibilgailuena bermatuta, eta, gure ustez, Garraio Zentro horrek trafikoa arintzen lagunduko du, mugan auto-ilara handiak daudenean, kamioilariek atseden hartzeko eta beraien gestioak egiteko aukera izango baitute azpiegitura berrietan eskainiko diren zerbitzuei esker», aurkeztu zuen Markel Olanok.
Aparkalekuak, bi noranzkoetan
Esan bezala, Garraio Zentro Integral berria AP8 autobidean eraikiko da, bi noranzkoetan. Izan ere, bi plataforma izango ditu, bat Astigarragan, Irungo noranzkoan; eta bestea, Oiartzunen, Donostiara bidean. Denera, 545 aparkalekurentzat lekua izango da.
«Helburu nagusia da zerbitzua ematea autobidea erabiltzen duten garraiolariei»
2020rako bukatuta
Aurkezpenean, epeen berri ere eman zuten. Aurreikuspenen arabera, 2018ko azkeneko hiruhilekoan aterako dira obra-lanak lizitaziora, eta zentroa erabilgarri egongo da, 2020. urtean.
Bidegi foru sozietatearen bitartez burutuko den proiektuak, hainbat obra aurreikusten ditu: aparkaleku berria Astigarragan, 355 kamioientzat izango dena, eta Oiartzungo egungo arearen berrantolaketa eta egokitzea, 190 kamioientzat.
Horretarako, azaldu zuten, «Bidegik 11,2 milioi euro inbertituko ditu, gehi BEZa, bere baliabide propioen kaudimenari esker, eta Aldundiak ez du inbertsiorik egin beharko, eta ez du zorrik egingo».
Inbertsio horren barruan daude bi kokalekuen urbanizazio-gastuak, eta haien erabilera eta ustiapenerako emakida lizitatzea. Esleipendunak Astigarragako eraikina eraikiko du eta, halaber, bi guneen perimetroa itxi eta zaintza-sistema jarri beharko du.
Astigarragako zentroa, erabat berria
Astigarragako plataforma erabat berria izango da; 17,000 kman kokatuko da, Behobiara noranzkoan eta Frantziako aldera doan trafikoa hartuko duela azaldu zuen Oiarbide diputatuak. «Frantziako errepideetan asteburuetan zirkulatzea debekatuta dagoela eta, N-I errepideko eta AP-8 autobideko hainbat gasolindegitan sortzen diren ibilgailu astunen ilara handiak antolatu ahal izango dira».
Guztira, 55.591 m2-ko zolatutako azalera izango du, 355 kamioi aparkatzeko plataforma bat, zerbitzuen eraikina, eta 39 ibilgailu arin aparkatzeko tokia kanpoan, zentroko langileentzat eta hornitzaileentzat.
Gainera, etorkizunera begira, beste lurzati bat gordeko da Astigarraga eremuan, posible ikusten baita bertan hotel bat jartzea.
«Bidegik 11,2 milioi euro inbertituko ditu, gehi BEZa, bere baliabide propioen kaudimenari esker»
4. maila, Europako estandarren barruan
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak nabarmendu zuen, 4. maila izango duela Europako estandarreren barruan: «Euskadira begira, zerbitzu eta segurtasun maila hori eskainiko duen zentro bakarra izango da eta Estatuko haundiena ere bai. Badakigu garraiolarien kezka haundiena, atseden hartzen dutenean, beraien ibilgailuen eta garraiatzen duten kargaren segurtasuna dela. Garraio Zentro berriaren bi plataformak, Astigarraga-Oiartzun, perimetro itxi batean kokatuko dira; bertan, argiak jarriko dira eta baita zaintza-kamerak ere, gune guztia eta ibilgailu nahiz pertsonen sarrerak eta irteerak monitarizatzeko. Esparru horretara aparkalekuko langileak eta gidariak bakarrik sartu ahal izango dira, erabiltzaile eta salgaien segurtasuna bermatzeko».
Horrez gain, bi guneetan eraikiko diren eraikinek beste zerbitzu batzuk izango dituzte: jatetxea eta kafetegia, supermerkatua, komunak eta dutxak, telebista aretoa edo aisialdi eremua, eta garbitegia.
Azpiegiturak modernizatzeko «ahalegina»
Markel Olano Diputatu Nagusiaren esanetan, «Gipuzkoako azpiegiturak modernizatzeko Gipuzkoa egiten ari den ahaleginean kokatzen da proiektu hau, gisa horretan lurraldearen lehiakortasuna sendotzeko eta etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatzen lagunduko diguten desafioei aurre egiteko». Eta laburbildu zuen: «Bi Estaturen arteko igarobidea da gure lurraldea eta horrek trafiko astunaren joan-etorri handia eragiten du, horrek dakartzan eragozpenekin; gure eskuetan dagoen guztia egin behar dugu trafikoaren arintasuna bermatze aldera».